"Langile klasea babesteko beharra ikusi genuen"

E.Ugarte/E.Lanao 2019ko abe. 11a, 11:24
Iñaki Lopez de Foronda, Etxebizitza Sindikatuko kidea.THEARTOFORGANISINGHOPE

Etxebizitzaren arazoari modu kolektiboan erantzutera dator sortu berri duten Etxebizitzaren Sindikatua, "eskola politikoa sortuz".

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko beste egitasmo bat martxan jarri dute Gasteizen: Etxebizitza Sindikatua. Langileen autonomia eta elkartasuna oinarri dituen proiektua mahai gainean jarri dute hainbat gaztek. Sindikatuko kide Iñaki Lopez de Foronda Alea FM saioan izan da.  

Zerk eraman zaituzte Etxebizitzaren Sindikatua sortzera?

Sindikatua sortzen da Gasteizko proletalgoak etxebizitzarekin dituen arazoei modu kolektiboan aurre egiteko. Eta lehenengo pausoa litzateke hau guztia bere testuinguruan kokatzea. Guk egiten dugun analisia da azkeneko hamar urteetan orokorrean Europako langile klaseak sufritu duela bizi baldintzen okertze bat, eta ofentsiba guzti horren aurrean elkar babesteko beharra ikusi genuen.

Zergatik sindikatua eta ez beste egitura bat?

Sindikatu hitza erabili dugu berreskuratu nahi dugun kontzeptu klasiko bat delako, eta beste zentzu batekin plazaratu nahi duguna. Gaur eguneko sindikatuen kritika bat egiten dugu; batetik, ez dutelako langile klase guztiaren interesak defendatzen, eta, bestetik, ikusten dugulako asimilazio prozesu bat izan dutela eta nahi dugu berreskuratu berriz sindikatuaren zentzu politikoa. 

"Sindikatu hitza erabili dugu berreskuratu nahi dugun kontzeptu klasiko bat delako"

Birjabetze Kolektiboaren ondorioz sortu da, ezta?

Joan den abenduan jarri genuen martxan, eta hilabete hauetan hainbat hausnarketa izan ditugu. Horren bitartez etxebizitzaren problematika zentzu zabalago batean ulertu dugu, aholkularitza bila zetorren jende horren guztiarengatik hainbat arazo identifikatu ditugu, eta ikusi dugu bestetik gure antolakuntza formak ez zituela gure helburuak betetzen. Benetan lan kolektibo guzti hori aurrera eramateko markoa behar genuen, eta sindikatuaren formarekin asanblada bat sortu dugu etxebizitzaren arazo desberdinei aurre egiteaz gain eskola politiko bat sortuz aldi berean.

Nola funtzionatzen du sindikatuak?

Igande arratsaldero asanblada bat izaten dugu, eta bertara gerturatzen da jendea arazo ezberdinekin. Bertan ikusten da zein modutan egin ahal zaion aurre; baditugu tresna batzuk garatuta, izan aholkularitza juridikorako, izan mobilizaziorako, manifestazio baterako edo etxe bat konpontzeko... Zenbaitetan beste eragile batzuk izan daitezke aproposagoak eta horretara bideratzen ditugu, baina normalean saiatzen gara gure gaitasunekin aurre egiten.

Etxebizitzaren alorrean, zeintzuk dira arazo nagusiak Gasteizen?

Azken urteetan, Euskal Herrian kaleratzeen zenbakiak jaitsi egin dira estatuko beste tokiekin alderatuta, baina aldaketa ere egon da horretan. Duela zortzi urte kaleratze gehienak hipotekak ezin ordaintzeagatik gertatzen ziren; eta orain, berriz, Gasteizen esate baterako, alokairu-kontratua ezin ordaintzeagatik ematen dira. Erroldarekin ere arazoa dago hirian, erroldatzeko ezintasunagatik, askok eta askok erosi behar dute erroldatzeko eskubidea. Askotan ere etxearen alokairua ez berritzea gertatzen da eta familiak arazo handiarekin uzten dituzte. Beste arazo bat izan daiteke Etxebizitzen Ikuskaritza Teknikoa ez pasatzea; batez ere Alde Zaharrean gertatzen ari da hori, hain justu baliabide ekonomiko gutxien duen jendearen artean.

Bestetik, Gasteizen 10.000 etxebizitza huts daude. 

Egoera hori egonda, etxe horiek berreskuratzea litzateke irtenbidea, eta horien erabilera langile klasearen eskuetan uztea.

Bestelako eredurik izan al duzue egitasmoa martxan jartzeko orduan?

Bi erreferente nagusi ditugu: Katalunian garatu diren etxebizitza sindikatuak edo taldeak, guk egiten dugun antzeko zerbait planteatzen dutelako. Nahiko modu masiboan ari dira hedatzen, Bartzelonako metropolian ia auzo guztietan daude, eta gaitasun handia dute desjabetzeak gelditzeko edo negoziazioak lortzeko jabeen eta maizterren artean. Bestalde, jarraitzen dugu ere Euskal Herrian gertuago dugun filosofia bat, autodefentsa sareena; IruÒeko langileen autodefentsa sarea adibidez, modu auto-antolatuan ari dira lanaren esparruan garaipenak lortzen.

Inor Ez Etxebizitzarik Gabe bezalako beste mugimendu batzuk ere ari dira lanean; babesten dituzue?

Ekimen hori gehiago zentratzen da Udalari exijentzia batzuk planteatzen, eta hori ez da gure egiteko modua, baina azken batean etxebizitzaren inguruan arazo larri bat dagoela agerian uzten dute. Ekimen ezberdinak egotea positiboa da. Nahiz eta gauzak egiteko moduak desberdinak izan, elkarlana ere positiboa da eta espero dugu balio izatea gaia sozializatzeko eta presio minimo bat egiteko.

Asanblada bitartez funtzionatzen duzue. Edonork parte hartu dezake?

Asanblada bideratuta dago batez ere edozein arazo duen jendeari edo laguntzeko prest dagoen edonori. Gasteiz Txikin batzen gara igandero, 17:00etan, eta edonor agertu daiteke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide