Gasteizen gabonetako argiztapena dela eta "itxurakeria" salatu du Eguzkik

Erredakzioa 2019ko abe. 10a, 16:03
Aurreko urteko Gasteizko kaleetako argiztapena. ALEA

125.000 euro gastatuko ditu Udalak kaleak apaintzeko, iaz baino %50 gehiago. Talde ekologistaren aburuz, jasangarritasun energetikoaren kontrako inbertsioa da.

"Gabonetako  argiztapenak  agerian utzi du Gasteizen ere krisi klimatikoaren eta jasangarritasun energetikoaren inguruan postureo handia dagoela". Eguzki Talde Ekologistaren ustetan, hiriko kaleak argiztatzeko iazko aurrekontua bikoizteak Udalaren itxurakeria agerian uzten du. 

Abenduaren 5ean piztu zen ofizialki Gabonetako argiztapena Gasteizen, eta Udalak iragarri duenez, 125.000 euro gastatuko dira horretan aurten. Eguzkik azaldu duenez, gainera, berrikuntza gisa Udalak Dato kalean jarri du milaka bonbillaz apaindutako izei artifizial erraldoia. "Eta gainera harro agertzen da horretaz. Baina ez al genuen esan kutsatzen ez duen energia bakarra dela kontsumitzen ez dena? Krisi klimatikoa? Zer krisi? Zertarako atzeratu erlojua ordubetez urrian? Abenduan energia gehiago kontsumitzeko? Zer zerikusi du horrek iraunkortasunarekin edo ekonomia zirkularrarekin?".

Gabonetako argiztapena energia-kontsumo globalaren zati nimiño bat baino ez dela aitortu du Eguzkik,  baina era berean azpimarratu du sarritan, horrelako erabakiak balio dutela "agerian uzteko zenbat itxurakeria dagoen gai hauen inguruan". Izan ere, "Gabonetako argiztapena piztu da, Madrilgo Goi Gailurrean, alkatea Green Capitalen ordezkaritzaz harro agertu denean, eta Armentia IIko putzuan gasa ateratzeko ikerketa-zundaketak baimendu eta egun batzuk geroago".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide