Ricard Miralles omenduko du Jazz Uhinak jaialdiak

Erredakzioa 2019ko abe. 4a, 17:54
Ricard Miralles omenduko dute martxoaren 17an. /R. Miralles

Jazza modu didaktikoan zabaltzeko helburuarekin jaio zen programa hau.

Jazz Uhinak Hirian Barrena jaialdiaren XIV. edizioak Ricard Miralles pianista emankorra omenduko du, besteak beste Joan Manuel Serrat eta Alberto Cortez musikarien kolaboratzaile eta moldatzaile izan dena.

Jazzargia elkarteak antolatuta, Mirallesek Ohorezko Makila jasoko du Jesus Guridi musika kontserbatorioko areto nagusian abendutik 2020ko apirilera arte egitekoak diren kontzertu pedagogikoen zikloaren barruan. "Jazz Uhinak interes eta erakargarritasun handiena duen hezkuntza arloko esku-hartzeetako bat da, herritarren artean jazza zabaltzeko eta tokiko musikariei laguntzeko, urtean zehar jazz programazio egonkorra osa dezaten”, nabarmendu du Felipe Garcia Hezkuntza zinegotziak, gaur goizean udaletxean egindako aurkezpenean.

Orotara sei kontzertu pedagogiko egingo dira. Lehena Jose Vera Quartet taldeak emango du, abenduaren 17an; Jose Vera kontrabaxu-jotzaileak laukoterako sortutako konposizioak joko dituzte. Askotariko eraginak jaso ditu musikariak: jazza, nu-jazza, funka, latinoa eta esperimentala.

Hurrengo kontzertua urtarrilaren 21ean izango da: Charles Cooper Chop & Triology taldeak joko du; Charles Cooper saxo-jotzaile ospetsua mundu osoan barrena ibili da, bere musika joz zein izar handiei lagunduz, hala nola Wynton Marsalis, Donald Byrd eta Roy Ayersekin, besteak beste. Kontzertu hori zuzenean grabatuko da, disko solidario bat ekoizteko asmoz, Laboral Kutxarekiko lankidetza-hitzarmenaren bitartez.

Otsailaren 25ean Gasteizko gitarra-jotzaile Adrian Fernandezen eta haren laukotearen txanda izango da. Fernandezek grabazio ugaritan hartu du parte laguntzaile gisa, eta 2017an grabatu zuen lehen diskoa, Urjauzia izenekoa, Iñigo Ruiz de Gordejuela gasteiztarrarekin batera; urteko disko onenarentzako BBK saria jaso zuten horri esker.

Hurrengo hilabetean, 2020ko martxoaren 17an zehazki, Luis Aranburu eta Jesus Guridi eskoletako konboek joko dute, eta kontzertu horretan emango zaio Ohorezko Makila Ricard Mirallesi.

2020ko apirilaren 7an, berriz, musika ikasleek eta tokiko musikariek osatutako bi banda arituko dira: Guridi Big Band eta Big Band Berri. Apirilaren 19an, Gonzalo del Val bateristaren hirukoteak eta Gregorio Solabarria ganbera orkestra gazteak parte hartuko dute zikloan.

Musika zuzenean entzuteaz gain, bakarlariei eta taldeei buruzko azalpenak zein estilo eta ñabardurei buruzko xehetasunak emango dira saio bakoitzean, modu didaktiko batean. Edizio honetan, "Moldaketa eta egitura jazzean" izango da antolatutako entzunaldien gai ardatza, bi kontzeptu horiek nabarmentzearren. Izan ere, Jazz Uhinak programak helburu hauek ditu: musika estilo hori Gasteizko herritarren artean zabaltzea, haren ezaugarri esanguratsuenak modu didaktikoan ezagutaraztea, jazz musikari gasteiztarren lana eskaintzeko espazio bat finkatzea, eta hirian jazz egitarau egonkor bat osatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide