Gardelegi

Gasteizek zabortegi-meatzaritzaren teknika aztertuko du

Juanma Gallego 2019ko abe. 4a, 13:55
Gardelegiko materialak berreskuratzea bideragarri ote den aztertu nahi dute. / ALEA

Gardelegiko zabortegian itxita dauden eremuetan zigilatze lanak egin baino lehen, zabor horretatik materialak berreskuratzeko aukera ote dagoen aztertu nahi du Gasteizko Udalak. Lindanoari jarraipen berezia egingo diote.

Gasteizko Udalak Gardelegin zabortegi-meatzaritza izeneko teknika erabiltzeko modurik ote dagoen jakin nahi du, eta horretarako ikerketa bat abiatuko du. Hala jasotzen da gaur argitaratutako kontratazio prozesu batean.

Zabortegi-meatzaritzaren teknikak (Landfill Mining, ingelesez) zabortegietan bilduta dauden hondakinen artean induskatu eta bertatik material baliagarriak berreskuratzea du helburu, horiek beste jardun batzuetan birziklatzeko edota erregai gisa erabiltzeko. 

Munduko beste hainbat lekutan erabili den teknika hori Gardelegiren kasuan erabiltzerik ote dagoen argitzeko, ikerketa bat egingo dute. 84.700 euroko aurrekontua bideratu dute horretarako.

"Zabortegiaren azterketarekin ezagutu nahi da, ahal den neurrian, hondakinen banaketa historikoa zein izan den gaur egun aktibo ez dauden eremuetan", zehaztu dute agirian. 

Gardelegik 85 hektarea hartzen ditu, eta bertan bi eremu bereizita daude: batetik, gaur egungo zaborrak biltzen dituen eremua —50 hektarea inguru hartzen dituena—; bestetik, dagoeneko itxita dagoen eta 35 hektarea hartzen dituen beste eremu bat. Meatzaritza berezi hori orain erabiltzen ez den eremuetan abiatuko lukete, horiek behin betiko zigilatu baino lehen. 

Horretarako, azterketa historikoa abiatuko dute: besteak beste, aireko argazkiak, zabortegiarekin harremana izan duten pertsonekin egindako elkarrizketa pertsonalak edota beste motatako dokumentazio historikoa baliatuko dituzte. Ondorengo fase batean, laginketa egingo dute. Laginak hartzea zaila izango dela aurreikusita, teknika ez zuzenak erabiliko dituzte, tomografia elektrikoa bezalako metodo geofisikoak baliatuz. Horrela, dauden geruzak zehaztu eta horietan ura ote dagoen argitu nahi dute. Eskuratutako datuekin, zabortegi-meatzaritza egiteko modua ote dagoen aztertuko dute. 

Gardelegin pilatutako lindanoari arreta berezia jarriko diote: "Ikerketa fasean, ahalegin berezia egingo da HCHren fabrikaziotik datozen hondakinekin kutsatutako eremuak aurkitu eta zedarritzeko", zehaztu dute agirian. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide