Armentia-2 putzuan zundaketa egiteko baimena eman du Espainiako Gobernuak

Erredakzioa 2019ko aza. 28a, 10:41

Putzurik ez egiteko eskatu dute hainbat aldiz. ALEA

EH Bilduk proiektua atzera botatzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Udalari. Elkarrekin Podemosek ere arbuiatu du erabakia.

Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak baimena eman dio Gasteizko Armentia-2 putzuan hidrokarburoen zundaketa egiteko proiektuari, ingurugiro-eraginari buruzko adierazpen baten bitartez. Ministerioaren arabera, "ingurugiroan kalte adierazgarririk" ez du egingo.

Ministerioak argitu du zundaketari soilik eman diotela oniritzia, ez baliabidea ustiatzeari. Zundaketaren emaitza positiboa izanez gero, baliabidea ustiatzeko beste ebaluazio bat gauzatu beharko litzateke. Txostenean azaldu dutenez, zundaketa egin nahi duten inguruan ez dago "interes geologikoko" lekurik 900 metro baino gutxiagora, eta zundaketak ez lioke lur gaineko ur emariari kalte egingo. Era berean, putzua ez dago babestutako eremu naturaleko sarean.

Hala eta guztiz ere, eremu naturalean sartzeko proposamen bat izapidetzen ari dira gaur egun, Gasteizko Mendien Parke Naturalen barruan sartzeko, hain zuzen ere. Zundaketaren sustatzailea Eusko Jaurlaritzaren mendeko Shesa Euskadiko Hidrokarburoak elkartea da. Elkarte horrek gas naturala bilatu nahi du gaur egun erabilienak diren teknikekin, frackinga edo haustura hidraulikoa deritzona baztertuta.

EH Bilduk proiektua atzera botatzeko eskatu du, eta ingurugiro-eraginaren inguruko adierazpena errefusatu du. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak aipatu du txostenak proiektuari argi berdea ematen dion arren, hainbat albo-ondorio aitortzen dituela. Gainera, "oso larritzat" jotzen du gasa ustiatzen hastea, "Arabako gizarteak argi utzi baitu hidrokarburoak baztertu eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiten duela". EH Bilduk iragarri du Shesa elkartea desegiteko ekimena eramango duela Legebiltzarrera.

Halaber, Gasteizko Udalari eskatuko dio ez dezala zundaketak egiteko baimenik eman, Hiri Antolaketaren Plan Orokorrean agertzen delako eremu horretan ezin dela hidrokarburorik atera "natura eta baso balio altuko" eremu babestua delako.

Bestalde, Juantxo Lopez de Uralde Elkarrekin Podemoseko diputatuak ere kritikatu du adierazpena, eta "proiektu mota horrek gizartearengan eta ingurugiroan duen benetako eraginari entzungor" egiten diola gaineratu du. "Arreta ematen dit adierazpenak larrialdi klimatikoa aintzat ez hartzea. Erregai fosilak lur azpian utzi behar dira eta energia berriztagarriak sustatu behar ditugu. Ez dago beste biderik", nabarmendu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago