Aitzina Folk, ataxia telangiektasiaren ikerketaren mesedetan

Erredakzioa 2019ko aza. 22a, 15:26
Gasteizko kaleak hartuko ditu Aitzina Folk Jaialdiaren VII. edizioak. / Argazkiak: Aitzina Folk

Gasteizko kaleak hartuko ditu asteburu honetatik aurrera Aitzina Folk Jaialdi Solidarioaren VII. edizioak. Kontzertuak, tailerrak eta mota guztietako jarduerak izango dira gabonak iritsi bitartean.

Aitzina Folk jaialdiaren diru-bilketa oinarrizkoa da Nafarroako Unibertsitateko Klinikan egiten den ikerketa-proiektu bat finantzatzeko. Proiektuak ataxia telangiektasiarako tratamendua bilatzen du eta 150.000 euro balio ditu.

Ataxia telangiektasia gaur egun sendabiderik ez duen gaixotasun genetiko eta neurodegeneratiboa da. Gaixotasun honek kaltetutako bi pertsona daude Euskal Herrian. Espainako estatu osoan, 30 haur eta gazte inguru.

Sarreren salmentarekin eta zero errenkadarekin lortutako irabazi guztiak kaltetutako familiak biltzen dituen AEFAT elkarteak finantzatzen duen terapia genikoko ikerketa proiektu hori finantzatzeko erabiliko dira.

2010ean sortu zen jaialdia antolatzen duen Aitzina Lan Taldea, Euskal Herriko gaixoei eta haien familiei tokiko ikuspegitik laguntzeko. Halaber, 2009tik Espainia mailan kaltetuak biltzen dituen AEFAT erakundearen parte da.

Aitzina Folk izen handiko beste bi jaialdirekin senidetuta dago: Caceres Irish Fleadh eta Burgosko Babieca Folk jaialdiekin.

 

Asteburu honetan, Gasteizko erdialdean

Azaroaren 22an, ostiralean, euskal dantza klase berezia eskainiko du Josu Garatek Udal Folklore Akademian, 19:00etan. Dantza estilo libre eta naturala ikasiko dute parte-hartzaileek, fandangoa, soltea edo arin-arinarekin inprobisatuz.

Azaroaren 23an, larunbatean, ohiko kalejirarekin jarraituko du, eta Arabako hiriburuko erdiguneko kaleetara aterako du musika. Aitzina Folk jaialdiaren sortzaile eta arduradun Patxi Villenek azaldu duen bezala, kalejiraren bitartez jendea "folk eta elkartasunez beteriko hilabete batean murgiltzera" gonbidatu nahi dute.

Horrez gain, informazio-mahai bat jarriko da Loma Jeneralaren kalean, La mirada monumentuaren ondoan, jaialdiaren programazioa eta helburu solidarioa ezagutarazteko.

Inguruko musika tradizionaleko hainbat taldek eta eskolek erdialdea eta Alde Zaharra animatuko dituzte 11:30etik 14:30era.

Besteak beste, Aguraingo Musika Eskolako trikitilari eta panderojoleak, Mendialdeko gaiteroak, Txs, no hay prisa alboka taldea, Eguzki Fole eta Amiestu Sones galiziar eta asturiar gaitekin arituko dira. Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioko txistulariek ere parte hartuko dute. Gonbidatu berezi gisa, aurten Arabako hiriburuko Arai konpartsako erraldoiak joango dira kalejiran.

 

Urte amaierara arteko programazioa

Asteburu honetaz gain, abenduaren amaierara arte luzatuko da programazioa. Folk musika eta dantza artista handiak izango dira protagonista, emakumeei arreta berezia eskainiz.

Datozen asteetan, Aitzina Folk Jaialdi Solidarioaren VII. edizioan arituko dira, besteak beste, Aire Ahizpak, Alos Quartet, Kalakan, Milladoiro galiziarrak, Garadice, CastellanAS, Oreka Tx, Aukeran Dantza Konpainia, Amaia Elizaran, RIU katalanak, Xabi Aburruzaga trikitilari bizkaitarra eta The Sorry String Band banda gasteiztarra.

Berrikuntza gisa, Folk, begirada bat musika tradizionalari dokumentala proiektatuko da, Gaztela eta Leongo Jaime Lafuente eta Jesus Ronda beteranoek osatutako bikotearen hitzaldi-kontzertuarekin. Gainera, gazteenei zuzendutako Txiki Folk atala ere izango da aurten, Emilio Villalba eta Sara Marinaren kontzertuekin eta Trakamatraka, Jon Urrutia bilbotarrarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide