Gasteizko LGTBI+ politiketarako aurrekontuen murrizketa salatu dute

Erredakzioa 2019ko aza. 18a, 09:56

Iraganeko ekainaren 28ko manifestazioa Gasteizen. / Argazkia: Alea

2020rako aurreikusitako %50etik gorako murrizketak LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren etorkizuna "bideraezina" bihurtzen duela salatu du Lumagorri Heterosexismoaren Aurkako Taldeak. 

Maiatzean, Gasteizko Udalak eta Lumagorri elkarteak LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia martxan jartzeko lankidetza hitzarmen bat sinatu zutela gogorarazi dute.

Hitzarmenaren sinadurak 2017az geroztik Udalarekin zuten "elkarlanaren formalizazioa" suposatu zuela azaldu du Lumagorrik: "Udalak LGTBI+fobiaren aurkako borrokan duen konpromisoa behin eta berriz berretsi du, bai Gorka Urtaran alkateak egindako adierazpenetan, bai osoko bilkuran onartutako mozioen bitartez ere".

Legengitzaldi honetan, Gasteizko udal gobernuak Sorginenea Emakumeen Etxearen eta LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren jarraikortasuna bermatzeko baliabideak onartu zituela ere azaldu dute. Izan ere, Behatokia martxan jartzeko aurrekontua 30.000 eurokoa izan zen 2019an, sei hilabeterako.

Behatokia ekainean martxan jarri zen. Lumagorri elkartearen arabera, 2020ko "aurrekontua handitu behar zen", oraingoan 12 hilabetetarako proiektua finantzatu behar zuelako: "Proiektua urte oso bat betetzeko kalkulatutako aurrekontua 70.000 eurokoa zen".

Hala ere, iragan astean, aurrekontuen proiektuaren aurkezpenean, udal gobernuak partida bera mantendu duela ikusi dute, hau da, 30.000 eurokoa.

Behatokiaren etorkizuna, "bideraezina"

Lumagorriren arabera, egoera horrek LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren etorkizuna "bideraezina" bihurtzen du Gasteizko Udalarekin lankidetzan. Izan ere, hasieratik ezarritako bi irizpideak zalantzan geratuko lirateke: hau da, "baliabide ekonomikoez eta giza baliabideez hornitzea, eta horretarako borondate politikoa izatea".

Gainera, azken hilabeteetan, Araban, LGTBI+ kolektiboaren kontrako erasoek gora egin dutela ohararazi dute, "beste udalerri batzuetako behatokiek iragarritako goranzko joera" bera.

Murrizketak EAJ-PSEren Gobernuak duen "borondate politiko eskasa agerian" uzten duela gogor kritikatu dute: "Gasteizko Udalaren pinkwashing edo garbiketa arrosa operazio baten aurrean egongo ginateke".

Egoera honen aurrean, Gorka Urtaran alkatearekin bilera bat eskatu dute Lumagorritik: "2017an, Gasteizko Udalarekin batera, gorroto delituen aurkako borrokan hasitako bidera bueltatzeko aukerak daude oraindik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago