Gasteizen "bizitegi-larrialdi" egoera aitortzeko eskatu dute

Erredakzioa 2019ko aza. 15a, 14:38
Mozioa ez da aurrera atera, EAJ, PSE eta PP kontra agertu direlako. / ALEA

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurri zehatzak eskatu ditu gaiaren bueltan eratu den herri ekimenak. Norabide horretan, mozio bat aurkeztu dute gaurko Osoko Bilkuran. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alde agertu dira, eta EAJ, PSE eta PP, kontra. 

Hogei erakunde inguruk osatzen duten Gasteizko etxebizitzaren alde eta bazterketa sozialaren kontrako ekimenak "hirian bizi den bizitegi-larrialdi egoera aitortzeko" eskatu du gaurko Osoko Bilkuran aurkeztutako mozio batean. Udaletxean mozioa aurkezten zuten bitartean, kalean eskaera hori ikusarazi dute, elkarretaratze zaratatsu baten bitartez. 

"Egoera honen aurrean, Udalaren erantzuna ezin da izan pasibotasuna, arazoa txikiagotzea, edo premia larrian dauden pertsonak edo kolektiboak kriminalizatzea", azpimarratu dute. Gauzak horrela, "ekintzara pasatzea" proposatu dute.  

Orotara, sei neurri zehatz eskatu dituzte. Batetik, eta Udalak egin zuen azterlan batean oinarrituta, hiru hilabeteko epean Udalaren jabetzakoak diren 99 etxebizitza hutsi buruzko bizitegi-plana egitea proposatu dute. Epe berdinean, premiazko jarduketa-plan bat aurkeztea nahi dute, eta baita "bankuen, inbertsio-funtsen, pertsona juridikoen eta jabe handien" etxebizitza hutsei buruzko txosten bat egitea ere, "horien tipologia, kokalekua eta jabea pertsona fisikoa edo juridikoa zein den zehaztuz". 

Bestetik, Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria onartzen ez den bitartean, "udal-jabetzako etxebizitza hutsak eraisteko planak geldiaraztea" nahi dute. Olarizuko etxebizitzen kasuan, uraren sarbidea lehengoratzeko eskatu dute.  

Auzoz auzo alokairuen indize bat egitea da hurrengo eskaria. Indize horretan batez besteko prezioak eta diru-sarrerak jasoko lirateke; adierazle horiek higiezinen espekulazioaren aurkako politika publikoen oinarri izatea nahi dute.   

Azkenik, bizitegi-larrialdietarako mahai bat eratzea eta Larrialdietarako Gizarte Zerbitzuen baliabideak gehitzea nahi dute. "Behar duten pertsonei arreta duina emateko behar diren plazak sortzea eskatzen dugu".  

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alde agertu badira ere, EAJk, PSEk eta PPk planteatutako puntu guztiei ezezkoa eman dietela salatu dute, mozioa atzera botata. Horren aurrean, mobilizazio berriak abiatuko dituztela iragarri dute. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide