Boliviako estatu kolpea salatu dute Gasteizen

Erredakzioa 2019ko aza. 13a, 13:23

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egindako elkarretaratzea. / Argazkia: @Askapena

Boliviako estatu kolpea salatu zuten atzo Gasteizen, Askapena mugimendu internazionalistak deitutako elkarretaratzean. Ostiralean, mobilizazio gehiago izango dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

"Aitorpen eta elkartasun mezu bat bidali nahi diegu Evo Moralesi, Alvaro Garcia Linerari eta baita MAS eta erakunde politiko, sozial eta sindikalei ere, azken urte hauetan justizian eta herri apalaren protagonismoan aurrera egiteko egin duten borrokagatik". Hitz horiekin laburbildu zuten mobilizazioaren helburua Askapenako kideek.

Ostiralean mobilizazio gehiago

Ostiralean, azaroaren 15ean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan eragile sozial, sindikal eta politiko ezberdinek deitutako mobilizazioekin bat egingo du Gasteizek, berriro ere. Arratsaldeko 19:30ean Andre Maria Zuriaren plazan izango da hitzordua.

Manifestuaren sinatzaileek salatu dute Evo Moralesen, bere gobernuko kideen, MAS alderdiko militanteen eta komunitate indigenetako pertsonen aurkako "errepresio basatia" dagoela. "Indarkeria hori gelditzea eta herritarren eskubideak errespetatzea beharrezkoa" dela azpimarratu dute.

"2006tik Bolivian ireki den aldaketa prozesuaren" aurkako estatu kolpea dela azaldu dute mobilizazioen deitzaileek, eta Boliviaren "subiranotasuna errespetatzeko" deia egin dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago