Gasteizko Udalak zuhaitzen mozketa berria abiatuko du

Juanma Gallego 2019ko aza. 12a, 14:03
Euskal Herria Bulebarrean egingo dute mozketa, gauez. / ALPHABET

Euskal Herria Bulebarrean dauden hamar makal errotik kenduko dituzte, egoera txarrean daudela iritzita. 

Gasteizko Udalak zuhaitz mozketa berria abiatzeko prozesua martxan jarri du: Euskal Herria Bulebarrean 20 metroko altuera duten hamar makal kanadar (Populus canadensis) errotik kenduko dituzte, zuhaitz horiek "arazo estrukturalak" dituztela iritzita. Zehazki, Don Bela Kondearen kalearen gurutzean dagoen berdegune batean daude zuhaitzak.

Hala jasotzen du lanak esleitzeko Udalak kaleratutako agiri batek. Bertan zehazten denez, lanak gauez egingo dituzte, tranbiaren ibilbidetik gertu daudelako, eta katenarian argindarraren mozketa egin beharko dutelako. Lan hauetarako datarik aurreratu ez badute ere, zuhaitzak mozteko bost gau emango dituzte. Lanetarako 22.265 euro bideratu dituzte. Batez bestean, zuhaitzek 20,5 metroko altuera eta 1,77 metroko enbor diametroa dute. Handienak 23,50 metroko altuera du, eta 2,28 metroko enbor diametroa.

Hiriko zuhaitzen kudeaketari buruzko polemika ugari izan dira azken hilabeteotan. Ekologistek salatu dute Udalak egindako mozketak "gehiegizkoak" izan direla, eta Udalak argudiatu du moztu dituztenekin alderatuz, zuhaitz gehiago landatu dituztela. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide