Ignacio Aldekoaren heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrenean, hainbat jarduera antolatu ditu Arabako Aldundiak Gasteizko Kultur Etxean. Asteazkenean hasi eta abenduaren 12an bukatuko dira ipuina ardatz izango dituzten saioak.
Neurria eta sotilezia izenburupean, Bernardo Atxaga, Arantxa Iturbe eta Ana Malagon idazleak elkartuko dira lehenengo saioan, hilaren 13an. Iban Zalduak gidatuta, ipuinari buruzko solasaldia izango dute, 19:30etik aurrera.
Ostegunean, berriz, Medida y sutileza izenburua hartuko du solasaldiak, gaztelaniaz idazten duten Carlos Castan, Elvira Navarro eta Clara Obligadorekin. Iban Zalduak berak moderatuko du osteguneko saioa.
Ostiralean, berriz, El hombre y el escritor mahai-ingurua antolatu dute, Susana Aldekoa eta Juan Cruz Ruizekin, 19:30ean.
Tito Muruak idatzi duen Cuento de infancia ipuina izango da larunbateko saioko protagonista, Muruak berak errezitatu eta Teatro Paraisok dramatizatutakoa; 18:00etan izango da Abetxukuko Kristoren ermitan.
Ostera ere Ignacio Aldekoa Kultura Etxean, Los pájaros de Baden-Baden proiekzioa eskainiko dute azaroaren 20an, 19:30ean. Eta, ekitaldiekin amaitzeko, irakurketa dramatizatuak egingo dituzte Jose Rafael Ruiz de Azuak eta Javier Larreinak abenduaren 12an.