Zientzia eta bertsolaritza uztartuko dituzte Bibat museoan

Erredakzioa 2019ko aza. 5a, 13:58
Gasteizen saioa egingo duten lehen aldia izango da. / KULTURA ZIENTIFIKOKO KATEDRA

Oskar Gonzalez kimikariak, Bittor Rodriguez nutrizionistak eta Onintze Salazar meteorologoak hitzaldi laburrak emango dituzte; Jone Uriak eta Julio Sotok, berriz, diziplina horietan oinarritutako gaiei helduko diete, bertsotan.

Jakinduriek mundue erreko dau izeneko hitzaldi laburren sorta egingo dute larunbatean, Gasteizko Bibat museoan. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak sustatutako ekimena da, Zientzia Astearen barruan. Zientzia hitzaldi laburrak eta bertsolaritza tartekatuko dituzte, 19:00etatik aurrera. Bost urtez Euskal Herriko beste hainbat txokotan egin dute ekimena, eta aurten Gasteizen ere izango da, aurrenekoz.

Jone Uria eta Julio Soto bertsolariak arituko dira oholtzaren gainean. Zientzialariei dagokienez, Oskar Gonzalez kimikaria, Bittor Rodriguez nutrizionista eta Onintze Salazar meteorologoa dira Gasteizko saioan arituko direnak. Aditu hauek hamar minutuko hitzaldiak emango dituzte, euskaraz, beti ere modu arin eta atsegin batean. Gonzalezek Zure begiek mintzen naute hitzaldia eskainiko du. Rodriguezek emango duenak, berriz, Barazkiak jateko! izena du. Salazarrek, azkenik, Eguraldiaren soinuak ekarriko dizkie parte-hartzaileei. Hitzaldi bakoitzaren ondoren landutako gaiaren harira gai bat proposatuko die bertsolariei Kike Amonarrizek. Horrez gain, ikuslearen jakindurie ere neurtuko dute, "modu berezi samarrean". Sarrera doakoa izango da, eserlekuak bete arte. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide