Era Berean sareak antolatu duen Tratu Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko II. Euskal Kongresua osatzeko jarduera gisa antolatu dute Ausartak solasaldia, bigarren urtez jarraian. Aurten, emakume musulmanek hijaba erabili ala ez erabakitzeko duten eskubidea izango du ardatz.
Hitzordua bihar, azaroaren 6an, 19.00etan Artiumeko Plaza Aretoan izango da eta hiru emakumek parte hartuko dute Arabako CEAR-Euskadiko arduradun Rosabel Argotek dinamizatuko duen solasaldian.
Maya Amrane Beltzen Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuko komunitateko esku-hartze teknikaria izango da hizlarietako bat.
Bestalde, Sumaya Del Peral Bidaya Euskadiko Emakume Musulmanen Elkarteko kidea eta Bizkaiko Foru Aldundiko Tartekari Sareko gizarte-laguntzako eragilea ere bertan izango da.
Eta azkenik, Ikram Bouzalmat EHUko itzulpengintza eta interpretazioko ikaslea. Bizimodua Berreraikiz dokumentaleko aurpegi eta ahotsetako bat da. Bertan, pentsamendu kritikorako eskubidea aldarrikatzen du eta berdintasuna defendatzen du.
Solasaldi honen helburu nagusia aurreiritziak albo batera uztea da. Izan ere, emakumeek zer eraman eta zer ez erabakitzeko duten eskubideari eta gauza bat edo bestea erabakitzeagatik diskriminatuak ez izateko eskubideari buruz hitz egingo dute hizlariek.
"Nagusi diren botereek beti kontrolatu dute emakumeok zer janzten dugun, eta hala egiten jarraitzen dute". Zentzu horretan, "belo islamikoa ez da salbuespena", azaldu du Argotek.
VestiMentes liburuaren aurkezpena
Norabide berean doa VestiMentes lanaren ondorio nagusietako bat. Hijabaren eta nortasunezko beste jantzi batzuen inposizioari edo debekuari buruzko liburu ilustratua da, CEARek editatuta. Solasaldian liburuaren bigarren edizioa aurkeztuko da, eta aleak banatuko dira, "izakinak agortu arte", azaldu dute CEAR-Euskaditik.
VestiMentes lanean, nortasunezko jantzi batzuen erabilera hedatzean eta gizartean duten ikusgarritasuna areagotzean gertatzen den fenomenoa ere azaltzen da.
CEARen arabera, sektore batzuk hautematen dute hori arazo izan daitekeela "sistemaren homogeneotasuna eta egonkortasuna bermatzeko". Ondorioz, modaren industriak "xurgatu" egiten dituela azaldu dute, "garrantzia kentzeko, objektu bihurtzeko eta duten esanahia kentzeko".
Hainbat adibide ematen dira liburuan: palestinarren zapia, kamuflatzeko estanpatu militarrak dituzten arropak, rap-abeslarien estiloko praka eta izerditzeko zabalak... Hijabarekin gauza bera gerta daitekeela ohartarazi dute.