Uribarri-Ganboako urtegiarengatik desagertutako herrien memoria

Erredakzioa 2019ko aza. 5a, 08:52
1958an goraino bete zen lehen aldiz Uribarri-Ganboako urtegia. / Argazkia: Alea

Arabako Foru Aldundiak azalpen panelak jarriko ditu eta Memoria Historikoaren gaineko zenbait erabaki martxan jarriko direla iragarri du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak.

Azalpen panelak Uribarri-Ganboako urtegiaren inguruetan jarriko dituzte, presa eraiki eta gero osorik edo zati batean ur azpian desagertu ziren herriak gogorarazteko eta horiek zeuden lekuak adierazteko.

Uribarri-Ganboako urtegiarekin lotutako memoria historikoa berreskuratzeko 3/2019 Mozioa aho batez onetsi zen urtarrilaren 16an eta mozioa betetzearen berri eman du Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak Arabako Batzar Nagusietako Lehendakaritza Batzordean.

Bost panel grafiko ezarriko dira: Garaioko hondartzan, Landako parkean, Mendixurko parke ornitologikoan, Uribarri-Ganboan eta Zuhatzako uhartean. Seinaleak egurrez eginak izango dira, Arabako beste parke batzuetan dauden panelen estandarrak mantentzeko.

Diputatu nagusi Ramiro Gonzalezen agerraldia Batzar Nagusietan. / Argazkia: Alea

 

Era berean, Aldundia DBHko ikasleei zuzendutako informazio didaktikoa prestatzen ari da desagertu ziren herriei buruz: Orenin, Zuhatzu Ganboa, Mendizabal eta Landa.

Bestalde, ia-ia biztanlerik gabe geratu ziren herriak ere gogoratuko dira, hala nola, Azua, Larrinzar, Urizar eta Garaio.

Eta azkenik, etxe eta lurren zati handi bat galdu zuten herriei buruz ere informazioa osatuko dute: Marieta, Mendixur, Langara Ganboa eta Uribarri-Ganboa.

Ramiro Gonzalezek kaltetutako udalekin ekitaldi instituzional bat egingo dela jakinarazi du. Ekitaldi horretan, Gonzalezek azaldu bezala, "merezitako omenaldia" egingo zaie urtegiaren azpian desagertu ziren herriei eta garai hartan haietan bizi zirenei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide