'Ane' filmaren grabaketa hilabete luzatuko da

Mikel Buruaga 2019ko aza. 4a, 11:53
Filmaketaren lehenengo eguneko klaketa. / Argazkia: Tamara Arranz

Abenduaren 10era arte filmatuko dute David P. Sañudoren lehenengo film luzea, Gasteizen eta Baionan.

David P. Sañudok Marina Paresekin batera idatzitako Ane thrillerra Amania Filmsen ekoizpena da eta Patricia Lopez Arnaiz, Mikel Losada eta Jone Laspiur ditu protagonista.

ECAMek bultzatutako La Incubadoraren II. edizioan parte hartu duen proiektuetako bat da Ane, zuzendari berrien filmen aldeko apustua egiten duen The Screen egitasmoaren barruan.

Besteak beste, Aia Kruse, Luis Callejo, Nagore Aranburu, Gorka Aginagalde, Fernando Albizu, David Blanka eta Iñaki Ardanaz aktoreekin osatu dute kastinga.

David P. Sañudo zuzendariak dio Marina Pares eta bera Parisko egonaldi batean lanean hasi zirela gidoia idazten, Charlie Hebdo eta Bataclanen atentatuen ondoren, hain zuzen ere.

Garai hartan hirian bizi zen "psikosi kolektiboa" baliatu zuten gidoirako. "Testuinguru politiko eta sozialak norbanakoari, ezinbestean, nola eragiten dion hausnartzera" bultzatu baitzituen egoera hark.

Baina zer istorio kontatzen du Ane filmak?

David P. Sañudo zuzendaria, 'Ane' film laburraren grabaketan. / Argazkia: Amania Films

 

"Komunikazioari buruzko hausnarketa"

Gasteiz, 2009. Etxebizitza batzuen desjabetzearen ondorioz bere auzoan izandako istiluen ondoren, Lide (Patricia Lopez Arnaiz), Abiadura Handiko Trenaren obretan zaintzaile gisa lan egiten duen ama gaztea, bere alaba nerabea, Ane (Jone Laspiur), etxera lotara joan ez dela konturatuko da.

Lide, Fernando senar ohiarekin batera, alaba non dagoen ikertzeaz gain, Aneren munduan sartzen hasiko da eta ezezagun batekin bizi dela konturatuko da.

"Komunikazioari buruzko hausnarketa da Ane. Komunikatzeko hiru elementu behar dira: igorle bat, hartzaile bat eta eduki bat. Baina kate horretan, ama eta alaba protagonisten arteko harremanean, zerbaitek ez du funtzionatzen", esan du zuzendari David P. Sañudok.

"Mugako istorioa da", azaldu du Sañudok. Izan ere, drama eta thrillerraren arteko mugan kokatzen da filma. Halaber, Aneren pertsonaia heldua izateko mugan dago. Eta hori gutxi balitz, istorioa "Espainia eta Frantzia artean" igarotzen da.

Aneren jatorrizko soinu banda Jorge Grandak sortuko du. Eta aldi berean, Dover, Berri Txarrak eta Willis Drummond bezalako taldeen abestiak ere izango dira. Azken hauek, amaierako kredituetarako inoiz argitaragabeko abesti bat konposatuko baitute.

Mikel Losada eta Patricia Lopez Arnaiz 'Ane' filmaren grabaketan. / Argazkia: Tamara Arranz

 

Arabako zinema bultzatuz

Amania Films Arabako zinema ekoiztetxea da. Ordutik 10 film labur, antzerki ekoizpen ezberdinak eta bideo komertzialak sortu ditu. Orain arte egindako fikzioekin 70 sari eta 400 hautaketa baino gehiago lortu ditu mundu osoko jaialdietan.

Bere proiekturik ospetsuenen artean Agur (2013), Artificial (2015) eta Aprieta pero raramente ahoga (2017) daude, guztiak David P. Sañudo zinemagileak zuzendutako film laburrak.

Amania Filmsek Lorenzo Ayuso (De-mente), Ruben Salazar (Vila Minemósine) eta Azhara Gomezen (Extático) lanak ekoitzi ditu ere. Gainera, duela gutxi, euskal webseriearen kontzeptu onenaren saria eskuratu dute Si Vienes, repites proiektuagatik, Bilbao Seriesland jaialdian.

David P. Sañudoren lehen film luzea, film laburraren munduan esperientzia luze eta saritua izan ondoren dator. Norabide horretan, Ane orain arteko bere proiekturik "handinahiena" dela dio Sañudok.

ETB, TVE, ICAA, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala filmaren babesle dira. Eta Cafes Fortaleza, Vialki, Apartamentos Irenaz eta Vithas San Jose marken laguntza izan du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide