Alpinista ospetsuen testigantzak Ikus-entzunezko Mendi Jardunaldietan

Erredakzioa 2019ko urr. 28a, 11:43
Fatima Gil alpinistak 'Patagonia hasta la raíz' aurkeztuko du. / Argazkia: Vital Fundazioa

Alex Txikonek K2ra egin duen espedizio konprometituenetako baten testigantza eramango du ostegunean jardunaldietara. Beste emanaldiak Fatima Gil eta Cecilia Builen eskutik izango dira, urriaren 28 eta 29an, 19.30ean, Vital Fundazioa Kulturunean.

Gasteiz Mendi Taldeak eta Vital Fundazioak antolatutako Ikus-entzunezko Mendi Jardunaldien agertokia Vital Fundazioa Kulturunea izango da aurten. Sarrera dohainik izango da, baina aldez aurretik mendi taldearen egoitzan gonbidapenak jasotzea beharrezkoa dela azaldu dute antolatzaileek.

Mendian bizitako "esperientzia interesgarriak" partekatuko dituzten alpinista ospetsuak bilduko dituzte jardunaldietan. Emanaldi bakoitzaren ostean, hizlaria eta bertaratu den publikoaren arteko solasaldiari ekingo diote.

Patagonia, Fatima Gilen eskutik

Inaugurazioa gaur, urriaren 28an izango da, astelehena, eta Fatima Gil alpinista izango du protagonista. Izan ere, Patagonia hasta la raiz lana aurkeztuko du.

Lan horretan, Diego Hernandezekin batera, ipuinetako lekuetara eramango dute publikoa, “inguru eta eskalada ikusgarriak, Argentina eta Txileko Patagonian”. Historia, poesia, abentura eta lagunkidetasuna nahastu egingo dira, Paine Dorreetako Erdiko Dorrea igotzen saiatzera eramango dituen dantza batean, Chris Bonington eta Don Wilhans irekitzaileen urratsei jarraiki.

Lagun handiekin partekatuko dute bidea, kondorrak, Andeetako musika, eskalatzaileak eta pumak. Umorez, pasioz eta poztasunez betetako dokumentala, amets egiten gonbidatzeko helburu argiaz.

Cecilia Builekin izotzean eskalatzea

Asteartean, urriaren 29an, Cecilia Builen txanda izango da, HuEllas on ice. Una búsqueda desesperada de nuevas líneas en hielo alrededor del mundo dokumentalaren txanda izango da.

Hemisferio bietako neguetara zenbait urtetan egindako bidaietan zehar eta, beroketa globala dela-eta gainditu dituen zailtasunen aurrean, arazo horien dibulgazioan klima-aldaketaren aurrerapen bizkorrari buruz kontzientziatzeko era bat aurkitu du Ceciliak. Aldi berean naturak eskaintzen dituen gauza zoragarri izoztuak erakusten dizkigu. Txile, Turkia, Hegoafrika, Zeelanda Berria eta Kanada dira 2014an hasi zen proiektu honetako helmugak.

Proiektua aurten bukatzea espero duela azaldu du Cecilia Builek. Izotzean eskalatzea, dokumentalaren protagonista nagusia, "ingurune efimeroa eta aldakorra" dela ere azaldu du. Bere eskalatzaile-bizitzako ezinbesteko atal izatera nola iritsi zen kontatu du, izan ere, "derrigorrezko ikasketa" izan zen, Karakorumeko hormak ezagutu ostean.

K2, Txikonen espedizio konprometituena

Ikus-entzunezko Mendi Jardunaldiak ostegunean, urriaren 31n, amaituko dira Alex Txikonen Winter Top Appeal – K2 invernal lanarekin.

K2 planetako bigarren mendi altuena da eta neguko igoera barik geratzen den azken zortzi mila. 80ko hamarkadatik lau espedizio saiatu dira gailurrera iristen, arrakasta barik. Alex Txikonek bere bizitzako espedizio konprometituenetako bati egin dio aurre dokumental horretan.

Alex Txikonek espedizio konprometituenetako bati egin dio aurre K2n. / Argazkia: Vital Fundazioa

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide