Pasa den astean, garraio publikoaren prezioaren igoeraren aurkako ikasle protesta baten ondorioz, Txile goitik behera astindu duen gatazkak eztanda egin zuen. Piñera presidentearen Gobernuaren neurri neoliberalen kontrako mobilizazio jendetsuak eta protesta gogorrak hasi ziren iragan ostiralean.
Halaber, mobilizazioei erantzun bortitza eman die Txileko Gobernuak, izan ere, salbuespen egoera ezarri zuen eta dagoeneko 18 hildako, 500 zauritu eta 3.000 atxilotu utzi ditu poliziaren eta armadaren jokabideak. Iturri ezberdinen arabera, testuinguru honetan atxilotuen aurkako tortura eta emakumeen bortxaketa ugari ematen ari dira.
Txileko herriak pairatzen ari den errepresioa salatzeko, ¡Chile despertó! lelopean, elkarretaratzea deitu dute gaur Askapena mugimendu internazionalistak eta Errekaleor Bizirikek. Dozenaka lagun bildu dira Txileko herriari elkartasuna adierazteko.