GazteOK, gazte sortzaileentzako topaketa

Azaroaren 15ean eta 16an izango da GazteOK topaketa. / Argazkia: GazteOK

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak sustatutako gazte sortzaileentzako ekimen berria da Gazte OK topaketa.

"Kultur kezkak dituztelarik proiektu berriei ekiteko gogoa duten" 16 eta 32 urte bitarteko gazteek parte har dezakete. 

Eta arreta berezia eskeiniko diote emakumeek egindako sortze-lanei. Izan ere, Oitia Ortiz de Lazkano artistak, Sara Berasaluce argazkilariak, Maiela Zurutuza diseinatzaileak eta Ania Buruaga ilustratzaileak parte hartuko dute. 

Azaroaren 15ean eta 16an egingo da topaketa, ostirala eta larunbata, hurrenez hurren, garai bateko Betoñuko komentua izandako IDarten eta Bibat museoan. Almudena Maeso eta Aaron Fernandez de Arroyabe dira ekitaldiaren koordinatzaileak.

"Zer egiten dugu Gasteizen sorkuntzaren alorrean mugitzen garen gazteok? Zertan ari gara lanean? Zeintzuk dira gure proiektuak? Zein sinergia sortu daiteke?"

Ideien zurrunbilo horretatik abiatu zen "aliantzak josi eta ikasteko aukera izatea" helburu duen ekimenak. "Ametsak lortzen laguntzeko" tresnak mahaigaineratu nahi dituzte eta, "jakina, arte mota guztiak sustatu", azaldu du Gazteriako zinegotzi arduradun Miren Fernandez de Landak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Gasteizko Udalaren IV. Gazte Planaren baitan aurreikusitako GazteOK topaketak ekarpena egin nahi dio "oraingo kulturaren testuinguruari, arte eta kultur aktibismoa abiapuntutzat hartuta" eta, horretarako, "pertsonen ahalduntzea" lortu nahi dute.

Programa hiru fasetan egituratu dute eta egitarau osoa Gasteizko Udalaren webgunean dago ikusgai:

  1. Prestatze-jardunaldiak egingo dira: hamar lantegi, kultur jarduerak...
  2. Ikuspegi profesionalagoa gehituko da.
  3. Jardunaldiak egingo dira, bi egunetan, "sortzeko kezka duten gazteentzat".

"Nortzuk dira protagonistak? Zergatik ez dago horiek batzeko tokirik? Zeren zain gaude amets berriak eraikiko dituen eta geroko proiektuen hazia izango den topaleku bat sortzeko?"

Lantegi praktikoak antolatu dituzte, ekonomia (fakturazioa, BEZa, PFEZ), online eta offline komunikazioa, eta ideia artistikoen kontzeptualizazioa lantzeko.

Beste jarduera batzuk ere izango dira: dokumental baten proiekzioa, kontzertuak eta performance bat, besteak beste.

Gainera, Alde Zaharretik kanpoko hiriko beste leku batzuetara eraman nahi izan dute ekimena: Espazioa, Pilarren; Orbain, Koroatze auzoan; ARTgia, Judimendin; Arkaiate Kultur Espazioa, Salburuan; eta IDarte, Betoñuko garai bateko komentuan.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide