Euskal Zinema Dokumentalaren Asteak bosgarren urtea beteko du aurten, bertako profesionalek zuzendutako dokumental onenen aukeraketa jendaurrean erakutsi eta emanaldien ostean solasaldia eskainiz. Emanaldiak 20:00etan izango dira, Vital Fundazioa Kulturunean, eta sarrera dohainik da.
Gastronomia, kultura, krisiak, desgaitasuna, historia eta bestelako gaiak ekarriko ditu aurten jaialdiak. Aitor Bereziartua eta Ander Iriarte zuzendari dituen Bihar Dok 13 lanarekin hasiko dira emanaldiak gaur, hilak 21. Basque Culinary Centerren kokatuta, mundu osotik etorritako abangoardia gastronomikoko zenbait ikaslek iraganerako bidaia bat egingo dute honetan, Bihar dok 13 menua sortzeko. 1966ko Euskal Herrira joango dira, dena aldatu zuen hamarkada ezagutzeko abiapuntura.
Asteartean, urriak 22, Oier Aranzabalen Margolaria lanaren txanda izango da. Mikel Urdangarin musikariak Londresera egin zuen bidaia erakutsiko du. Bidaia ferryz egin zuen, itsasoa zeharkatuz, Alain Urrutia pintorearen lan bat jasotzeko; bidaiaren aitzakiaz, bere lanetik bizitzearen aldeko apustua egin duen artista baten egunerokotasunean sartuko dira ikusleak.
Asteazkenean, urriak 23, film dokumental laburrei emandako eguna izango da. Egun horretan hiru film dokumental labur emango dira. Egun horretan, 592 metroz goiti lana ikusi ahal izango da, 90eko hamarkadan Itoizko urtegiaren eraikuntzari buruz; Ancora lucciole, Pier Paolo Pasolini-ren hilketari buruz, 1972an; eta Kafenio kastello, Atenasen, krisialdian, amore ez emateko nahiari buruzkoa.
Ostegunean, urriak 24, Antonio Diaz Huertaren Gallo dokumentala izango da protagonista. Desgaitasunari buruz dihardu lan horrek. Aitorrek glaukoma kongenitoa du jaiotzatik, eta 14 urte zituenean galdu zuen eskumako begiaren ikusmena. Desgaitasunen bat duten pertsonak nahi duten edozein erronkari aurre egiteko gai direla demostratu nahi du dokumentalak.
Azkenik, ostiralean, hilak 25, Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen lanaz gozatzeko unea izango da. XX. mendeko euskal historian funtsezko pertsona izan zen Lezo Urreiztietaren historia kontatuko du.