Gasteiztarrak Arraun the World erakusketa inauguratu dute

Erredakzioa 2019ko urr. 18a, 12:48
Erakusketa azaroaren 3ra arte egongo da ikusgai. / Argazkia: Oihaneder Euskararen Etxea

Atzo, urriak 17, Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak elkarteen federazioak antolatutako erakusketa martxan jarri zuten, ekitaldi baten bitartez. Lehiaketan saritutako argazkien erakusketa azaroaren 3ra arte egongo da ikusgai.

Ekitaldian, sari-ikurrak banatu ziren eta lau lan irabazleen egileek bidaien azalpen laburrak eman zituzten. Horrez gain, lau pantaila digitaletan gainontzeko bidaien 12na argazki ikusgai izan ziren Oihaneder Euskararen Etxeko Jovellanos aretoan.

Maroko, Argentina, Vietman eta Bielorrusiako argazkiak izango dira koadroetan eta munduko beste hamaika tokitako argazkiak ikusteko aukera ere izango da pantaila digitaletan, antolatzaileek azaldu duten bezala.

Erakusketaren ordutegia 11.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 21.00etara izango da asteartetik larunbatera. Igandetan, ordea, soilik goizez egongo da zabalik, ordutegi berean. Astelehenean, itxita egongo da.

Erakusketarekin batera, argazkietan jasotako bidaien aurkezpen publikoak egingo dira urrian zehar, txoko ezberdinetan:

  • Urriak 21, 19:00: Bidaia Argentinan (Ania Fernandez de Ganboa) – Zabalgana Gizarte Etxean (Zabalgana)
  • Urriak 23, 19:00: Hmong beltzak (Alicia Jimenez eta Diego Gomez) – Koxka taberna (Salburua)
  • Urriak 27, 19:00: Memento bat Bielorrusian (Aitor Salazar) – Orient Express taberna  (Txagorritxu)
  • Urriak 28, 19:00: Kaosean ordena (Idoia Ugalde) – Dazz taberna (Alde Zaharra)

Guztira 15 lan aurkeztu dira lehiaketara, 300 argazki inguru, eta epaimahaiak saridunak aukeratzea "oso zail" izan duela azaldu du.

Gasteizko euskalgintzako elkarte desberdinetako kideek osatu dute epaimahaia: Zabalganako Euskara Taldea, Sarburu elkartea, Gauekoak, Zizta Euskara Taldea eta GEU elkartea.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide