World Press Photo, gaurtik zabalik

Erredakzioa 2019ko urr. 18a, 10:06
World Press Photo saria, urteko argazki onenari. Egilea: John Moore

Nazioarteko fotokazetaritza lehiaketa Gasteizen izango da azaroaren 17ra arte.

Prentsa-argazkilaritza arloko munduko lehiaketa garrantzitsuena Gasteizen da berriro ere. Aurtengo 157 argazki irabazleak mundu osoko 4.738 argazkilarik egin eta lehiaketara aurkeztutako 78.801 argazkien artean hautatuak dira.

Ohikoa den bezala, irudi gordinekin egingo du topo bisitariak, baina baita istorio eder, harrigarri eta indarrez beteak direnekin ere. Ikusgai dauden argazkien artean, Yanela neska txikiarena dago; malkoetan aurkitu zuen John Moore kazetariak umea, mugetako Poliziak bera eta Sandra Sanchez ama McAllengon (Texas) atxilotzeko unean. Ageriko drama izateaz gain, Trump administrazioaren "zero tolerantzia" politikaren intrahistoria ere jasotzen du, eta horregatik irabazi du aurtengo World Press Photo saria, urteko argazki onenari.

Erakusketa Montehermoso kulturuneko ur-biltegian egongo da ikusgai, azaroaren 17ra arte, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.

Bisita gidatuak antolatu dira erakusketaren harira. Euskarazkoak ostegun, ostiral eta larunbatetan izango dira, 18:00etan; eta igandeetan, 11:00etan. Bisita horietarako ez da beharrezkoa izango izena ematea; interesatuak etorri ahala osatuko da taldea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide