Mercedesko aparkalekuaren inguruan Udalak hartutako erabakia gaitzetsi du Benetako Greenek

Erredakzioa 2019ko urriaren 17a

Langileentzako aparkalekua handitu nahi du Mercedesek. / BING

Herri mugimenduak dio hiriko mugikortasun planaren aurka doala Udalak hartutako neurria, eta gainerako langileekiko diskriminatzailea dela. 

Mercedesko langileek haien auto pribatuak aparkatzeko duten zonaldea handitzeko proiektuaren aurka azaldu da Benetako Green mugimendua.

Ohar batean adierazi duenez, Gasteizko Udalak zerealaren laborantzara bideratutako eremu baten kalifikazioa aldatu du, bertan Mercedesko langileentzako aparkalekua zabaltzeko helburuarekin. Ekologistek argudiatu dute erabaki hori hiriko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren aurkakoa dela.

Gasteizko Udalari "kontraesanetan" eta "diskriminazioetan" ibiltzea egotzi diote. "Kontraesana da hiritarrei esatea Udalaren erabakien helburua dela autoaren erabilera gutxitzea eta jasangarriagoak diren beste garraiobideen alde egitea, kontrako norabidean doazen neurriak hartzen diren bitartean".

Diskriminazioa

Bestetik, halako jokabideak beste hiritarrekiko suposatzen duten "diskriminazioa" ere salatu dute. "Mercedesko fabrikara autoz joatea lehenesten da, baina Gasteizko beste hainbat lekutara lan egitera doazen lagunei zigortu egiten zaie, leku horietan TAO-a dagoelako edo egongo delako". Mugikortasun planaren arabera, garraio publikoa bultzatu behar da, eta auto pribatuaren erabilera murriztu. Mugikortasunari lotutako beharrei lurzorurik ez dela bideratu behar gogoratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago