Lanaldia bere horretan utziko du Mercedesek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko urr. 16a, 17:31

1.350 ibilgailu egiteko eskaera jaso berri dute Mercedesen. ALEA

1.350 ibilgailu berri egiteko eskaera jaso ondoren, lanaldiaren malgutasuna negoziatzeko mahaia eten du zuzendaritzak.

Lan-hitzarmenean adostutako malgutasunari eutsiko diote Gasteizko Mercedes plantako langileek. Enpresak 1.350 ibilgailu berri egiteko eskaera jaso berri du, eta, horrenbestez, ez du lanaldiaren aldaketarik egin beharko. Hala berretsi dio Igor Gebara enpresako batzordeko lehendakariak ALEAri.

"Negoziazioa eten da, lan karga sartu delako, eta gutxienez urtea amaitu arte hitzarmenean jasotako ordu kopuruak beteko ditugulako. Ez da aldaketarik behar", azaldu du Gebarak. 

Gauzak horrela, irailaren 26an enpresako batzordeak eta Mercedesko zuzendaritzak abiatu zuten negoziazio prozesua etenda geratu da, momentuz. Enpresak hitzarmenean aurreikusitako lan orduetan malgutasuna handitzea eskatu zuen, 2020. urtera arte gutxienez 26 orduko malgutasuna onartzea hain zuzen; bestela Enplegu-erregulazioko Espedientearen mehatxua ere jarri zuen mahai gainean. 

Sindikatuek uko egin zioten proposamenari, "informazio faltagatik"; gainera, enpresak produkzioaren eta lanpostuen inguruan "inolako bermerik" ez zuela eman salatu zuten langileek. 

1.350 Vito furgoneten eskaera egin berri dio UPS enpresa logistikoak Mercedesi, eta Ehari Gobeko lantegiko beharginek muntatu beharko dituzte hurrengo egunetan. Modu horretan, iragan irailean egin zituen ekoizpenaren aurreikuspenak hobetuko lituzke enpresak, 143.700 ibilgailutik 145.050era.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago