120 eragile bildu dira Hizkelan4 jardunaldietan, lanbide heziketa, euskara eta sarea hizpide

Erredakzioa 2019ko urr. 16a, 10:45
120 eragile bildu dira Hizkelan4 jardunaldietan. / Argazkia: @Egibide

Lanbide Heziketako zuzendariak, irakasleak, euskara normalkuntza teknikariak, erakundeetako ordezkariak eta enpresak bildu dira, besteak beste. Hizkelan4 oroigarriak ere banatu dituzte: Mubea-Inauxa enpresari eta Kepa Altube Eraiñari.

Urtero bezala, lanbide heziketa eta lan mundua euskararekin eta hizkuntza kudeaketarekin lotutako Hizkelan jardunaldia izan da urriaren 15ean, Gasteizko Egibide Nieves Cano ikastetxean. Laugarren edizio "arrakastatsu" honen leloa Saretu Euskaraz izan da.

Hizkelan jardunaldia "Lanbide Heziketa, enpresa, elkarte eta erakundeen zubi lanerako ekitaldi garrantzitsua" dela azpimarratu dute Laneki ekimeneko antolatzaileek. "Elkargune" izateaz gain, "praktika onak eta ezagutzak partekatzeko" lekua ere badela azaldu dute.

Aurten, Hizkelan4 Lanabes egitasmoaren baitan kokatzen da, Arabako Foru Aldundiaren babesean. Bertan batu dira Lanbide Heziketako irakasle eta eragileak, enpresetako, hizkuntza zerbitzuetako, erakundeetako... 120 eragile baino gehiago.

Edizio honetan, sarean euskara sustatzearen garrantzia, zibersegurtasuna edo industria 4.0. eta “euskara sarean” loturiko esperientziak konpartitzeko aukera izan dute.

 

Hizkelan4 oroigarriak

Eskertze eta errekonozimenduetarako parada ere egon da jardunaldian.  Izan ere, bi oroigarri banatu dituzte: alde batetik, Mubea-Inauxa enpresa, eta bestetik, Kepa Altube Eraña.

Mubea-Inauxari oroigarria eman zaio ikasleek enpresa horretan "Lantokiko Prentakuntza euskaraz egin dutelako", baloratu dute antolatzaileek. Kepa Altube Erañak ere jaso du oroigarria, 2008tik aurten arte Lanekiko kide izan delako, "presidente lanetan hasi eta Kudeatzaile lanetan" aritu dela azaldu dute.

Esparru anitzeko elkarlana

Asko dira jardunaldian parte hartu zuten eragile zein norbanakoak. LHako zuzendariak, irakasleak, euskara teknikariak, enpresariak eta erakundeetako ordezkariak elkarlanerako prest azaldu ziren.

Sarrera LHako Sailburuordetzako Ricardo Lamadridek eta Arabako Foru Aldundiko Lexuri Ugartek egin zuten, Lanekiko presidentea den Ainitze Blanco eta Egibideko zuzendaria den Xabier Lopez de Santiagorekin batera.

Ondoren, Josu Waliño, PuntuEus Fundazioko zuzendariak sarean euskaraz aritzeko irizpideen inguruan hitz egin zuen.

Lehenengo mahai-inguruko kideek nor bere esparrutik hitz egin zuten. Lanabeseko kide diren Lexuri eta Kepak, Arabako Foru Aldundiak sustatutako Lanabes egitasmoaren berri eman zuten. Ondoren, Josune Zabalak 2020ko Euskaraldia zertan den azaldu zuen, baita LH plan estrategikoaren barruan kokatu ere. Santi Uribek, aldiz, ikastetxeko normalkuntzaren adibide gisa, Mendizabalako esperientzia kontatu zuen.

Metodologia berriek ere tartea izan zuten. Izan ere, Elhuyar fundaziokoek hiztegi kolaboratiboaren adibide praktiko bat egitera animatu zituen parte hartzaileak. "Egun indartzen ari den" Visual Thinking korronteak dakartzan onuretaz hitz egin zuen Miryan Artolak. Eta LHko Lan Prestakuntza eta Orientabide modulura berrikuntza ekarri duen Heziraul proiektua zertan datzan ezagutarazi zuen Olatz Imazek.

Atsedena eta gero, zibersegurtasunaren ildoa landu zen, lau eragileren eskutik. "Adibide eta praktika onak eskainiz, modu seguruan saretzeko" aholkuak eman zituen Xabier Martinek, iparra.eus-eko esperientzia kontatuz. Ondoren, Iratxe, Josu eta Ugaitz LHko irakasle adituak aritu ziren.

Bukatzeko, Industria 4.0 egitasmoaren berri eman zuen  Xabier Lopezek. Egibide, Mendizabala LHII, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Arabako Foru Aldundiaren arteko elkarlanari esker sortutako egitasmoa da.

Datorren urtean Gipuzkoan, Easo Politeknikoan izango da Hizkelan5. edizioa.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide