Hondakinak egoki uzten diren "zorrotzago" zainduko dute udaltzainek

Erredakzioa 2019ko urr. 11a, 17:23
Isuna 90 eta 750 euro artekoa izan daiteke. / Alea

Ingurumen ataleko agenteak, kale-jantziarekin, arduratuko dira ikuskatzeaz; zaborra edukiontzietatik kanpo uzten ez dela zainduko dute.

Astelehenetik aurrera, Gasteizko Udaltzaingoak hondakinak hiriko edukiontzietan egoki uzten diren zaindu eta kontrolatzeko kanpaina bat jarriko du abian. "Gizalegez kanpoko portaerak" zuzentzea da helburua, Udaletik jakinarazi dutenez; eta, besteak beste, zaborra edukiontzietatik eta bilketa pneumatikorako ahoetatik kanpo uzten ez dela kontrolatuko dute.

Kale-jantziarekin, ingurumen ataleko agenteak arduratuko dira ikuskatzeaz, eta polizia patruilen laguntza izango dute udal ordenantzak betearazteko. Horien arabera, hondakinak edukiontzien barruan utzi behar dira, eta debekatuta dago etxeko tresnak eta altzariak kalean uztea, horretarako ezarritako prozedura bete ezean, hau da, 21:00etatik aurrera eta aldez aurretik FCCri jakinarazita.

Animaliei kalean jaten ematea ere debekatuta dago. Udal araudiaren arabera, gainera, ostalaritza establezimenduetako terrazak higiene, garbitasun eta segurtasun egoera egokian eduki behar dira, eta horri ere erreparatuko diote udaltzainek."Hondakinak behar ez den lekuetan ez uztea zainduko dugu. Auzoz auzo egingo ditugu kontrolak, eta hiri osora zabalduko dira. Jokabide ezegoki horiek zuzendu nahi ditugu, osasungaitzak direlako, kaleak zikintzen dituztelako eta enbarazu handia sortzen dutelako", azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutierrezek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide