Muntadasen gakoetatik bidea

Erredakzioa 2019ko urr. 13a, 07:00
Urtarrilaren 20ra arte izango da Antoni Muntadas en obraren inguruko erakusketa Artiumen. / Alea

Antoni Muntadas artista katalanaren obraren inguruan Euskal Herrian izan den lehenengo erakusketa aurkeztu du Artium museoak.

Beldurraren eraikuntza, globalizazioa, harreman publiko-pribatuak, kapitalismo transnazionala... Gako horiek eta gehiagok markatu dute Antoni Muntadasen (Bartzelona, 1942) ibilbidea 1970. hamarkadaz geroztik, eta horiek dira egunotan Artiumen ikus daitekeen erakusketa gidatuko dutenak. Artista katalanaren obraren inguruko lehenengo bilduma da Elkarrekiko loturak, interconexiones, interconessioni, urtarrilaren 12ra arte Gasteizen ikusi ahal izango dena.

Erakusketaren izenburuaren jatorrian Mark Wigleyren esaldi bat dago. Hark horrela definitzen du artista: "Hiri bat da, pertsona bat baino gehiago, elkartrukerako eremu-sare bat, luzaro abian dagoena, norbanako bat baino gehiago". Hala irudikatu dute Muntadas erakusketako komisario Cecilia Guidak eta Fito Rodriguezek, eta hari horri jarraiki osatu dute erakusketa. "Muntadasek azaleratzen dituen barne mekanismo eta lotura- mekanismoek konpromisoa eta subjektitibate kritiko bat eskatzen dute, publiko parte-hartzaile bat, eta kontraesanak ezagutzeko interesa duena", azaldu du Rodriguezek.

Muntadasek berak gogoratu du erakusketak ez duela atzera begirako bat eskaini nahi, begirada analitiko eta zeharkako bat baizik.

"Erakusketan nire diziplina arteko ikerketan behin eta berriz errepikatzen diren loturak hautatu dituzte Fitok eta Claudiak, eta uste dut oso aukeraketa egokia egin dutela", aipatu du Muntadasek. Galdera sorta batek proiektu artistikoaren metodologiari eta artearen beraren funtzionamenduari buruz pentsarazten du ikuslea, eta bidean aurrera eginez artistaren lehen proposamenak aurkituko ditu bisitariak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide