Gasteizen bueltan da Gernikako taldea, pasa den abenduan Azken indioak lana Jimmy Jazz aretoan aurkeztu ostean. Toki bera aukeratu dute ostiral gauean eskainiko duten kontzerturako.
Zer nolako kontzertua eskainiko duzue oraingoan? Antzik izango al du iazkoarekin?
Errepertorioari dagokionez aldaketak egingo ditugu. Iaz Azken Indioak diskoaren aurkezpena egin genuen bertan, eta orain beste kontzertu mota bat eskainiko dugu, abesti zaharrak gehituz. Gure ia 20 urteko ibilbidearen errepasoa egingo dugu.
Nola planifikatzen dituzue kontzertuak?
Nahiko argi edukitzen dugu zer eskaini behar dugun eta jendeak zer espero duen gure kontzertu baten aurrean. Errepertorio nahiko zabala dugu, zortzi disko dira eta abesti asko, badaukagu non aukeratu. Denen gustukoa inoiz ez da izaten; gu saiatzen gara abesti ezagunenak direnak beti errespetatzen eta gero, entseguen aurretik, lokalean aukeratzen dugu gainerako errepertorioa. Bakoitzak bere proposamenak botatzen ditu eta adostu egiten dugu; egia esan, ez dago oso meditatuta, gure sentsazioaren araberakoa izaten da aukeraketa.
Inprobisazioak badu tokirik kontzertu baten erdian?
Ez. Ez dugu publikoaren eskakizunak betetzeko ohiturarik, bestela kontzertua horretarako bakarrik eman beharko genukeelako.
Zer duzue nahiago, areto itxi batean edo herri bateko plazan jotzea?
Normalean, areto itxiak nahiago izaten ditugu, horretarako zehazki prestatuta daudelako; Euskal Herrian, gainera, zorionez badauzkagu mordotxo bat eta horrek zure lana hobeto egiteko aukera ematen dizu. Adibidez, soinu froga bat jende eta presio barik egin dezakezu, eta hori oso garrantzitsua da.
'Azken Indioak' lanaren promozioarekin, agertokiz agertoki ibili zarete urte osoan. Birak ba al du itxiera datarik?
Durangoko azokan kaleratu genuen eta, hortaz, urtebete, behintzat, egingo dugu diskoa aurkezten.
Pozik diskoak izandako harrerarekin? Azken lanekin alderatuta sonoritate aldetik desberdina da, ezta?
Ni neu, behintzat, oso pozik. Asko gustatu zitzaigun diskoaren emaitza, eta gero, jendeak lanarekin izan duen harrera oso ona izan dela uste dugu, kontuan izanda taldearen zortzigarren diskoa izan dela eta ez dela erraza jendea asetzea eta interesa mantentzea. Kontzertuetan kantuak abestu egiten dituzte; beraz, hor dago seinalea.
Kantuak norbaitengana iritsi dira. Azken helburua hori bera denez, oso pozik gaude.
Hogei urte pasa ostean, gailurrean jarraitzen duzue askotariko adinetako jendea kontzertuetan batuz. Lan batetik bestera berrikuntzak sartzea izan daiteke taldearen arrakastaren gakoa?
Bai. Azkenean, ezin zara gelditu beti gauza berdina egiten; geratu zaitezke, baina nik neuk, behintzat, abestiak sortzerakoan ez dut errepikatu nahi. Hori da egunero arropa berdinarekin joatea bezala; joan zaitezke, baina aldatzen baldin baduzu, hobeto. Egunero ez gara pertsona berdinak, eta zure musikan hori igarri egiten da; zure izaera adierazten baduzu gauza ezberdinak irteten dira, eta guk horretan ez daukagu inongo arazorik. Batzuetan ez dakizu asmatuko duzun edo ez, ez dugulako merkatua aztertzen. Momentuko gustuak asetzen ditugu, gorputzak eskatzen diguna egiten dugu; beraz, berrikuntza hori oso modu naturalean egiten dugu beharrizan bati erantzunez. Dena dela, abesti batek zerbait kontatu behar du, mamia izan behar du.
Birarekin batera, zer nolako asmoak dituzue epe laburrera begira?
Helburua da 2020. urtera arte disko honekin jarraitzea. Eta datorren urtean talde moduan 20 urte betetzen ditugunez, zerbait berezia ospatzea; baina zehazteke dago oraindik hori, pentsatzen gabiltza.
Euskal Herritik kanpo ere mugitu nahi dugu; Europara joatea gustatuko litzaiguke, eta baita Espainia mailan ere kontzertuak eskaintzea.
Gure esparru naturala Euskal Herria bada ere, gaur egun estatu mailan beste egoera bat dago eta jendeak beste hizkuntza batean abesten duten taldeak ondo hartzen dituela uste dut. Beraz, horren aldeko apustua egin behar da. Espainiako estatu barruan oso pozik ez gauden arren eta beste marko politiko bat edukitzea nahiko bagenu ere, horrek ez du esan nahi Espainian jo behar ez dugunik. Jendeak euskara ez badu ulertzen ere, badu euskararekiko ikuspuntu zabalagoa, agian orain dela 30 urte ez zegoena. Begiratu besterik ez da egin behar Berri Txarrak eta beste hainbat taldek kanpoan jotzen dutenean duten harrera.
Horrekin lotuta, dagoeneko badituzue hainbat kontzertu hitzartuta...
Hala da. Kataluniara goaz laster. Katalunia beti izan da gure anaia moduko beste herrialde bat, eta bertan presentzia gehiago izaten saiatzen ari gara. Askotan izan gara, eta bagabiltza gure arteko harremana josten.
Amaitu aurretik, dagoeneko hurrengo diskoan pentsatzen hasita dago Gatibu?
Ez. Oraindik ez da urtebete pasa azkena kaleratu genuenetik eta oso goiz da. Gure erritmoa beste bat da, motelagoa.