Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak tranbia linea berriaren obrak finantzatzeko akordioa itxi berri dute. Modu horretan, hauteskunde aurreko hilabeteetan tranbia edota autobus-azkarraren alde zalantzan jarritako jarrerak argituta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak azken hilabeteetan landutako proposamenak aurrera egingo du.
Martxoan aurkeztu zuten plangintzaren arabera, Salburua auzoa hiri erdigunearekin lotuko dituen tranbia lineak 2,5 kilometroko luzera izango du. Florida kaletik abiatuta, Joan Karlos I etorbiderainoko ibilbidea egingo du eta bost geltoki izango ditu tarte horretan zehar: Santa Luzia, Gizarte Etxea, Nikosia, Salburua eta Juan Carlos I.
Hurrengo pausua, obrak esleitzeko lehiaketa publikoa abian jartzea izango da eta Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez iraila edo urrian izatea espero dute. Dena ondo bidean, aurten has litezke obrekin, baina oraindik goiz da data zehatzik ezartzeko. Lanen iraupena bi urte ingurukoa izango dela aurreikusten dute arduradunek, eta, horrenbestez, 2022 urte hasieran martxan egongo litzateke tranbia linea berria.