Eskola-jantokia funtsezko zerbitzua da familia askorentzat, bai ume askok egunean otordu orekatu eta osasungarri bat behintzat izatea bermatzen duelako, familia bekadunen kasuan, bai lana eta umeen zaintza uztartzeko bide bakarra delako, lan egiten duten guraso askorentzat.
Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Zerbitzuen Saileko sailburuordearen 2019ko zirkularraren arabera, Lehen Hezkuntzan, 16-37 ikasleko begirale bat egongo da; Haur Hezkuntzan, aldiz, begirale bat 8-15 begiraleko. Kopuru horiek, baina, ez dira inondik inora nahikoak gure haurrak ondo zainduta egotea bermatzeko, eta hori jakin badakigu eskola-jantokietan umeak ditugun gurasoek, bai haietan lan egiten dugun begiraleek ere.
Hezkuntzako beste hainbat alorretan gertatzen ari den bezala, egoera geroz eta okerragoa da eskola-jantokietan ere (ikasleen arteko istiluak, begiraleen lan baldintza prekarioak...). Eta horren kausa zuzena Administrazioaren utzikeria eta kudeaketa kaxkarra da.Horregatik, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak eta Administrazio eta Zerbitzuen Saileko sailburuordeak diru publiko gehiago bideratzea horrenbeste familiarentzat funtsezkoa den eskola-jantoki zerbitzura eta handitzea ikasleko begirale kopurua.
Gure dirua ere badelako, gure seme-alabek merezi dutelako, eskola-jantokietan ere kalitatezko zerbitzuaren alde!
Nerea Gallastegi Camara Gasteizko Adurtza ikastolako ama da.