"Erdigunera ekarri dugu euskaltzaleen komunitatea"

Erabiltzailearen aurpegia Monika Belastegi 2019ko ira. 27a, 06:00
Elena Laka eta Kike Amonarriz Topaguneko kideak. DANI SANCHEZ

Euskararen erabilera sustatzea helburu duen Euskaltzaleon Topaguneak etapa berria hasiko du gaur, erronka berriekin eta Kike Amonarriz buru; besteak beste, GEU elkartea eta Arabako ALEA barne hartzen dituen federazioak egindako lanari jarraipena eman eta 2020ko Euskaraldia prestatzeko lanei ekingo die. 

Bergarako Errekalde jauregian batu ditugu Elena Laka eta Kike Amonarriz. Elena Laka 2014ko apirila ezkero Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari izan da eta kargua utzi egingo du. Lehendakaritzarako hautagai moduan aurkeztuko da Kike Amonarriz, gaur, ostirala, Andoainen egingo den batzar nagusian; hark hartuko du lekukoa. 

Elkarrizketa abiatzeko, esan behar dugu Bergaran gaudela, eta ez da kasualitatea Euskaltzaleen Topaguneaz hitz egiteko Bergaran elkartu izana. 

Elena Laka: Bai, Bergarak badu esanahi berezi bat Euskaltzaleen Topagunearentzat. 1996an tokian tokiko euskara elkarteek pentsatu genuenean tokiko egitura hori gainditu eta horiek batuko zituen egitura nazional bat sortzea, sorrera bilera hura Bergaran egin zen. Horregatik dauka esanahi berezia.

Kike Amonarriz: Bai, eta, gainera, gogora datozkigu pertsona batzuk, ezta, Elena? Haiei eta haiek bezalako pertsona askori esker gaude hemen. Mugimendu oso polita sortu zen, eta gaur egungo Topagunearen errealitatea ulertzeko uste dut garrantzitsua dela jabetzea Topagunea ez zela sortu aurrena, eta gero elkarteak etorri zirela. Ez. Kontrako bidea izan zen, oso behetik gorakoa. Elkarteak zeuden hainbat lekutan, eta elkartu beharra eta hura koordinatu beharra ikusi genuen. Nolabait, federazio bat antolatu beharra. Horrek azaltzen du zergatik euskara elkarteek daukaten horrelako nortasun propio indartsua. Polita izan da ikustea nola konbinatu talde bakoitzaren indarra, autonomia eta nortasun hori, mugimendu zabal batean.

Biak ere beteranoak Topagunean, eta zure kasuan, Elena, 2014a ezkero lehendakaria. Oraintxe utzi duzu; zergatik?

E. L.: Bost urte badira zerbait; kar, kar, kar. Lagatzeko momentu bat badela uste dut. Bost urtean ibili naiz, ahal izan dudan neurrian, buru-belarri sartuta eta inplikatuta, eta orain, badator beste lehendakari bat. Gauza berriak egingo ditu, aro berri bat dator, eta jauzi bat aurrera egingo duena. Nik uste dut nire lana egin dudala, eta gizarte mugimenduetan aldaketa hauek gertatzea oso onuragarria dela. Pertsonez osatutako erakunde bat da, eta nire ustez ezin da egonkortu pertsona bat, ez delako ona. Nire lana egin dut, oso-oso pozik egin dut, eta Euskaltzaleen Topaguneaz berba onak besterik ez dut esateko, eta orain, Kikeri pasatzen diot lekukoa.

K. A.: Elenak bost urte esan ditu, baina ze bost urte! Emankorrak, intentsoak...

E. L.: Ez lasaitu, hurrengo bost urteak ez direlako lasaiak izango; kar, kar, kar.

"Ulertzeko gai dena aktibatzen badugu, salto ikaragarri handia izan daiteke"

Balorazio positiboa egiten duzu, Elena? Pozik uzten duzu?

E. L.: Bai, jakina geratu direla gauzak. Balorazioa, modu pertsonalean eta aktibista moduan, eta mugimendu moduan intentsoa eta positiboa izan da. Maila pertsonalean geratzen naiz izandako harreman guztiekin, bai gizarte mugimenduekin, eragileekin eta erakundeekin. Fase ezberdinak igaro ditugu, baina guztiak emankorrak eta uste dut oso aberatsak izan direla. Euskaltzaleen Topaguneak jauzia eman duela uste dut. 2014an, Mikel Irizar orduko lehendakariak zioen etorkizuna genuela irabazteko, eta uste dut pusketatxo bat hortxe irabazi dugula. Jauzi handia egin dugula uste dut. Euskaltzaleen komunitatea erdigunera ekarri dugu eta hartzen dihardugu lekua, eta ez da inork ematen digulako, baizik eta guk egin dugulako jauzi hori. Hori egiten ari gara, baina oraindik asko dago hobetzeko. 

Esku onetan uzten duzu lekukoa, eta zuk nola hartzen duzu, Kike?

K. A.: Ba, ilusio handiz! Elenak esan duen bezala, bost urte hauetan berak lideratu duen mugimendu guztia ikaragarria izan da. Jauzi ikaragarria eman dela uste dut, ilusio handiz bizi izan dugun jauzi bat, gainera. Aurreko lehendakari guztiek epe bat bete dutela ikusi dut, eta beti gorantzako mugimenduan. Elenarekin diskurtso aldaketa bat ere etorri da, euskararen inguruan hitz egiteko modu berri bat, eta Elenak euskalgintzaren bilakaera hori guztiori irudikatu du. Orain, nik ilusioarekin hartuko dut, baina baita erantzukizunarekin. Lan horri beste urrats bat, beste salto bat eman behar zaio, eta mugimendua zabaltzearen bidetik eta indartzearen bidetik ikusten dut nik. Euskaraldiak euskalgintzaren eragin ahalmena biderkatu du, eta elkarlanaren bidea sakondu egin behar da. Erronka, beraz, orain arte lortutakoa zaintzea izango da, eta horri etekina atera behar diogu.

E. L.: Zu izango zara lehendakaria eta lideratuko duzu taldea, baina sekulako lantaldea dago Euskaltzaleen topagunean, hori esan beharra dago.  Jendetza ikaragarria dago momentu honetan, Euskal Herri osoan, gainera, sekulako lana egiten. Hau gizarte mugimendu bat da, eta jende asko mugitzen da norabide berean. 

K. A.: Eta, gainera, baiezkoa ematearen arrazoietako bat, justu, hori izan da. Aurretik ere elkarren berri bagenuen, Topalabean ere elkarrekin egon gara, herriz herri ere egon izan gara... eta ekosistema atsegin bat, ilusionatua eta ireki bat ikusten duzunean, gustua ematen du horrelako giro batean lan egiteak.

Euskaraldia aipatu duzu, Kike, eta izan duen garrantzia. Uste duzue Euskaraldiak euskalgintzari eraldaketa ekarri diola? Zer ekarri dio?

E. L.: Euskaraldia prozesu luze baten azkeneko begia izan da, nahiz eta jarraipena izango duen gerora. Ez da horrelako batean sortu. Euskaltzaleen Topagunean lan handia egin da aurretik. Lehenengo, mugimenduaren barruan; eta gero, euskalgintzako gainerako eragileekin, erakundeekin... Egin den lana, sortu den giroa... horren ondorio izan da Euskaraldia. Duela hamar urte Euskaraldia ezin izango zen egin, ia seguru, beste egoera batean geundelako. Eta egoera aldaketa horri denok egin diogula mesede uste dut: bai erakundeek, bai gizarte eragileek, eta baita euskaltzaleen mugimenduak ere. Bakoitzak bere aldetik jarri du, eta 2017a uste dut izan zela giro aldaketarako eten bat, konfiantzan oinarritutakoa. Gaur egungo egoera zubiena da, sareak egitearena. Eta elkarlanaren bitartez Euskal Herria euskalduntzea.

Hortaz, eragileen eta erakundeen arteko elkarlana benetakoa izan da?

E. L.: Elkarlana edo zubigintza esaten dugunean eta egiten ditugunean argazkiak horren inguruan, ez gara bakarrik titular batez ari, ez gara bakarrik argazki batez ari. Horrek, barruan, benetako gauzatzea du, eskuz esku elkarlanean gaudelako konfiantza osoz. Erabat garrantzitsua da konfiantza hori, norberak bere esparrua gordez eta elkarlanean arituz. Horrek ekarri ahal izan duena ikaragarria izan da, eta ondorioa Euskaraldia izan da. Zer gertatu da? Elkarlan horren ondorioz sortu dugula ariketa sozial bat eta 200.000 lagunek eman dutela izena Euskal Herri osoan. 

Zer-nolako aktibazioa, ezta? 

K. A.: Nik uste dut, gainera, inork ez genuela espero horrenbestekoa izango zenik. 

E. L.: Zerbait handia espero genuen, baina ikaragarria izan da eta ez da horretan bukatu. Orain, 2020ko Euskaraldia etorriko delako, entitate gehiagorekin, herri batzorde gehiagorekin, eta helburua, gutxienez, jende kopuru berak parte har dezala. 

K. A.: Nire ustez egon da hausnarketa bat erakunde askotan eta euskalgintzako eragile askorengan ere, eta gehienak ondorio antzekoetara iritsi ziren. Horrek ahalbidetu du Euskaraldia bezalako egitasmo bat. Eta gero, hor astroen konfluentzia ere gertatu da.

"Ez nuen pentsatzen elkarlana horren sakona izango zenik Euskaraldian"

Elenak aipatzen zuen giro hori?

K. A.: Bai. Eta egin kontu, azken aurreko Korrikan erakundeen eta euskalgintzako eragileen artean egin zen kilometro bateratua. Hura izan zen, seguru aski, elkarlanaren lehen argazki soziala. Nik ez nuen espero Euskaraldian hainbeste jenderik parte hartuko zuenik. Ezta Euskal Herri osoko erakundeen elkarlana horren sakona izango zenik. Euskaraldiak Euskal Herri osoa bisualizatu du. Hurrengo erronka izango da, beraz, iritsi garen puntutik harantz egitea. Eta harantz esan nahi du sakonago, indartsuago eta zabalago.

Zeintzuk izango dira 2020ko Euskaraldirako erronka zehatzak, orduan?

K. A.: Entitateetara goaz. Entitate esaten dugunean, edozein talde egituratu da. Izan liteke enpresa handi bat, txaranga bat, ikastetxe bat edo yoga talde bat. Labur esanda. Horrek inplikatzen du entitate horiek barne-hausnarketa bat garatu beharko dutela esateko "guk ere aurrerapauso bat eman nahi dugu", eta, ahobizi eta belarriprest rolak pertsonek aukeratu genituen bezala, entitate horretako gune batek edo entitate osoak erabaki beharko du euskaraz egin daitekeen gunerik duen ala ez, gune hori osatzen duten guztiek euskaraz ulertzen dutelako. Edo beste kanpoko harremanetan ere euskaraz egin dezaketen pertsonak daudelako. Hori, batzuentzat, urrats erraza izango da, baina errealitateak oso-oso anitzak dira, eta entitate txikiak eta handiak daude. Guk ahal dugun guztietara heltzeko borondatea dugu. Eta hori lortzen badugu aurrekoan lortu genuenaren antzeko tamainan, nik uste dut bide oso indartsua zabaltzen dela euskalgintzarentzat.

E. L.: Bai, horrek espazio berriak irabaztea ekarriko du. Eta gero, bigarren gauza bat, belarriprest figura arigune horietan zabaltzen bada, horrek ekarriko du euskaraz egin nahi dugunok gero eta espazio gehiago izatea euskaraz aritzeko. Belarriprest figura horrek, ulertzeko gaitasun horrek, bermatzen dit niri, euskal hiztun moduan, edozein tokitan euskaraz jarduteko gai izatea. Hori ikaragarria da, espazio guztiak irabaziko ditugulako Euskaraldiko entitateen bidez. 

K. A.: Eta horrek aktibatzen du jende bat, beharbada, orain arte uzkurtuta egon dena. Bada jende asko euskara ikasten denbora pasa duela, urteak pasa dituztela. Batzuek hala nahita, beste batzuek lantokian eskatu dietelako eta beste batzuek eskolan ikasi dutelako. Zenbat jende dugu euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai dena eta egunerokoan erabiltzen ez duena, lotsatzen delako, beharrik sentitzen ez duelako, ingurukoen artean ez duelako aparteko girorik ikusten. Jende hori guztiori aktibatzen badugu, bai norbanako gisa eta bai entitateen barruan saltoa ikaragarri handia izan liteke. Hurrengo Euskaraldian sakontzeko aukera ikaragarria izan dezakegu.

Topagunearen azken lan-lerro nagusia Euskaraldia izan da, baina bere jardueraren zati garrantzitsu bat betidanik kultura eta aisialdia ere izan da. Azken urteotako proposamen asko gazteei zuzendutakoak izan dira. Nola ikusten dituzue belaunaldi gazteak?

E. L.: Nire ustez, arriskutsua da belaunaldi gazteak edozein orokortasunetan sartzea, ez baita gauza bera 13 urteko bat edo 20 urteko bat, edo herri bateko bat eta beste bateko bat. Gazteek, oro har, hezkuntzan euskara jaso dute. Beraz, ia %100 euskara ulertzeko gai dela esan daiteke. Jende horri komunitate bat eskaini behar diogu. Gasteizko auzo baten euskaraz ikasi duen eta euskara ulertzeko eta hitz egiteko gai den ume batek ez badu gero non erabili, alferrik ari gara hainbeste baliabide erabiltzen gero alferrik xahutzeko. Hori da, beraz, gure komunitatearen zereginetako bat. Bestalde, gazteez hitz egiten dugu, baina momentu honetan populazioak gehiago jotzen du goitik behetik baino. Euskal Herrian, oro har, jendea nagusia da, eta gizartean eragin handia duen jende heldu asko dugu. Horiei ere aukerak eskaini behar zaizkie gure komunitatean aktibatzeko eta aktibista izan daitezen euskararen munduan. 

K. A.: Gazteei buruz hitz egiten denean...anekdota bat kontatzea gustatuko litzaidake. Galtzaundiko azken zuzendaritza duela gutxi berritu zen eta gazte asko sartu da. Kezketako bat ere bada nola iritsi belaunaldi gazteetara. Beraz, hor badugu barne hausnarketa bat egin beharra gazte mugimendu horri lekua egiteko, euren ahotsak entzuteko eta protagonismoa emateko. Baina askotan entzun izan dugu nola lortu gazteek euskaraz egin dezaten. Eta azkenengo zuzendaritzan gure kudeaketa plana errebisatzen ari ginela, partaide guztiok gure ekarpenak egin genituen, eta esaldi  bat irakurri izanaz poztu nintzen: "Nola lortu helduek euskaraz gehiago egitea?". Gazte batek egin zuen ekarpena izan zen, eta esan nion:"Begira, ez dut inoiz entzun esaldi hori helduak hitzarekin". Horrek ikuspegi aldaketa bat datorrela esan nahi du, eta ikuspegi aldaketa horrek esan nahi du: "Zuek zarete euskaraz hitz egiten ez duzuenak edo gutxi egiten duzuenak, eta hasi adibide ona ematen". Nire ustez, gure belaunaldiak bi erantzukizun handi ditu, euskaldunak ala erdaldunak izan. Bata da ahalik eta euskara gehien egitea eta bigarrena, baldintzak sortzea askoz ere euskaldunagoa den belaunaldi berri horrek euskaraz egin ahal dezan. 

Denbora gainera etorri zaigu. Elena, akaso, elkarrizketa ixteko, gomendiorik edo aholkurik lehendakari berriarentzat?

E. L.: Disfrutatzeko, ondo pasatzeko, eta seguru lan ikaragarria egingo duela. Eta ez du beharrik izango, baina badaki non nagoen; kar, kar, kar.

Albiste hau Ttap aldizkariak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide