Euskaraz erosteagatik sariak

Erredakzioa 2019ko ira. 25a, 15:28

Bai Euskarari komunitatera denda gehiago erakarri nahi ditu elkarteak. BAI EUSKARARI

'Euskaraz kontsumitzeak saria dakar!' kanpaina martxan jarri du Bai Euskarari elkarteak; urrian zehar ziurtagiria duten Gasteizko dendetan kontsumitzen duten bezeroek zozketa batean parte hartuko dute.

Bai Euskarari ziurtagiria duten Gasteizko saltokietan, urriaren 1etik azaroaren 1era, kontsumitzen duten lagunek hainbat sari eskuratzeko aukera izango dute; tartean, 100 euroko bonu bat, 50 euroko bi bonu, lau afari, eta ALEAko hiru harpidetza lortu daitezke.

Euskaraz kontsumitzeak saria dakar! kanpaina Gasteizko Udalak sustatzen duen 11ber2 festibalaren eta Euskararen Astearen testuinguruan txertatu dute. Ekimen berriaren bitartez, hiriburuan euskarazko kontsumoa handitu nahi dute, eta Bai Euskarari komunitatera denda gehiago erakartzea lortu nahi du elkarteak.

Izan ere, 2017 urtearen amaieran #LehenHitzaEUS kanpaina jarri zuen abian Bai Euskarari elkarteak hiriburuan, euskarazko kontsumoa handitzeko eta ziurtagiria duten saltokien komunitatera ahalik eta negozio gehien erakartzeko helburuarekin. Ordutik, 40 establezimendu baino gehiago batu dira Bai Euskarariren komunitatera, eta hura sendotzeko asmoarekin ekintza berriak ari dira lantzen.

Urriko zozketaren mekanika oso erraza da: enpresan edo saltokian kode bat duten txartelak utziko dituzte Bai Euskarari elkarteko lagunek, eta dendariek euskaraz kontsumitzen duten bezeroei edo lehen hitza euskaraz egin eta kontsumitzen dutenei txartel bat eman beharko diote. Bezeroek, berriz, Bai Euskarari ziurtagiria duten Gasteizko hiru dendatan kontsumitu beharko dute, eta lortzen dituzten hiru kodeak Bai Euskarari elkartearen webgunean horretarako prestatu duten atalean sartu beharko dituzte. 

Azaroaren 4an egingo dute parte hartu duten bezeroen arteko zozketa, eta jakinaraziko dute sarien irabazleak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago