Txakurrentzako atoi batean tona bat arrain garraiatu du gizon batek ekainetik

Erredakzioa 2019ko irailaren 23a

Txakurrentzako atoi batean aurkitu zuten hegaluzea. UDALTZAINGOA

Gasteizko Udaltzaingoak abuztuan atxilotu zuen, eta ikerketaren berri eman du gaur.

Gasteizko Udaltzaingoak ikerketa bat abiatu zuen iragan abuztuaren 21ean, gizon bat hiriko arrandegi batean txakurrentzako atoi batetik bederatzi hegaluze deskargatzen atzeman eta gero. Poliziak nabarmendu zuenez, arraina bilgarririk gabe eta izotzik gabe garraiatu zuen Mercabilbaotik Gasteiza 63 urteko gizonak. 

Bada, auzia ikertu ondoren, poliziek jakin izan dute ohikoa zela arraina modu horretan garraiatzea; eta are gehiago, guztira, ekainetik abuztura bitartean, 968 kilo arrain eraman zituela gizonak oinarrizko osasun-baldintzak errespetatu gabe. Udaltzaingoak Bilboko Handizkako Merkatuaren arduradunen kolaborazioa izan du ikerketa egiteko orduan, eta bertako kamerei esker jakin izan dute kotxearekin eta atoiarekin joan ohi dela gizona arraina erostera.

Epaitegiaren esku utzi du auzia Udaltzaingoak, osasun publikoaren kontrako delitua ote dagoen ikertzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago