Antzerki dokumentala aztergai izango dute Nazioarteko Antzerki Jaialdian

Erredakzioa 2019ko ira. 20a, 12:14
Sanchez-Cabezudoren tailer bateko irudia. / TAE-EAT

Lucia Mirandak eta Fernando Sanchez-Cabezudo adituek gidatuko dituzte saioak.

Antzerki-ikerketa da Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren helburuetako bat, eta aurten antzerki dokumentalean jarri nahi du fokua. Arlo horretan adituak diren Lucia Miranda eta Fernando Sanchez-Cabezudo izango dira gidari sormen-sustraia errealitatean kokatzen duen genero horretan murgilduko diren bi tailerretan; urrian eta azaroan eskainiko dituzte, Eszena Arte Tailerraren eskutik.

Antzerki dokumentalak abiapuntua gertaeretan eta testigantzetan jartzen du, gizartean, antzezlanak elikatzen eta errealitateari buruzko eztabaida pizten. Teatro del Barrio, esaterako, ustelkerian murgildu zen oholtza gainean, aurrerago pantaila handirako bidaia egin zuen Ruz-Bárcenas antzezlanean; eta Andres Limak Shock zuzendu berri du, neoliberalismoa eta 1973an Txilen bizitako Estatu kolpeari buruz. Gasteizen, hain zuzen, Ibaiondoko Felix Petite antzokian, irailaren 27an, Lucia Mirandak zuzendutako Fiesta, fiesta, fiesta antzezlana hezkuntzan zein gazterian murgilduko da Kultura eta inklusioa proiektuaren barruan; eta Antzerki Jaialdian, urriaren 31n, El Pavon-Teatro Kamikazek sorturiko Jauría antzezlanak La Manada kasuan jarriko du begirada. Errealitateari buruzko ikerketa eta antzerki-sormenaren arteko nahasketa izango da lan esparrua bi tailer hauetan, material dokumentala haien antzezlanetan erabili nahi duten lagunei zuzenduta: dramagile, zuzendari, antzezle, antzerki-irakasle...

Lehenengo tailerra Fernando Saanchez-Cabezudok gidatuko du, urriaren 21etik 23ra (17:30- 21:30, Jesus Ibañez de Matauco Antzokia). Kultura-kudeatzailea, zuzendaria, antzezlea eta eszenografoa da, eta haren ibilbidean beti sormen-prozesua publikoaren parte-hartzearekin lotuta joan da. Aspalditik, bide berrien bila dabil, adibidez storywalker.es plataforma, hiri-kontaketak, sortzaileak eta dramagileak batzeko. Bilaketa, esplorazioa, esperimentazioa eta entzutearen garrantzia De Story-walker a experiencia de Usera tailerraren giltza izango dira. Hain zuzen ere, Madrilgo Kubik aretoan egindako lana ingurunearekin eta hiritarrekin inklusio-guneak sortzeko erreferente bihurtu zen, eta 2017an Historias de Usera lanarekin ekoizpen pribaturik onena irabazi zuen Max Sarietan.

Lucia Mirandak lekukoa hartuko du azaroaren 12tik 14ra (17:30-21:30, Eszena-Arte Tailerra) Construir con la realidad tailerrarekin. Komunitate bati nola gerturatu, zeintzuk diren agertzen diren erantzukizunak eta mugak, pertsonaiak eta istorioak nola sortu benetako lagun eta bizitzen bidez... Gasteizen eskainiko duen tailerraren helburuetako batzuk dira, eta, horrez gain, baita material horiek oholtzara bideratzeko aukerak ere; hau da, soinu-dokumentala, bideoa, verbatim teknikaren bidez lortzen den pertsonaien sormena... Dramagilea eta eszena-zuzendaria da Miranda, eta sari ugarik jaso ditu –adibidez, RNEk ematen duen 2018ko Ojo Crítico saria–. Hezkuntza eta gizarte-eraldaketan aplikatutako antzerki-proiektuak eta formakuntza-prozesuak kudeatu ditu Espainian, Senegalen, Frantzian, Etiopian, Bulgarian, Norvegian, Bolivian, Argentinan, Paraguain eta Estatu Batuetan. The Cross Border Project diziplina anitzeko proiektuaren fundatzailea da.

Bi tailerrak bateratuta, antzerki dokumentalari buruzko trinkoa marraztuko dute. Tailer bakoitzaren prezioa 50 euro da, eta, bietan parte-hartzen bada, 70 euroan geratuko da. Informazio gehiago eta izen-ematea zehazteko bidea da Gasteizko Eszena-Arte Tailerra, administracion@porpolteatro.com (945-284542).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide