Awake-Gasteiz edizioaren seigarren edizioa aurkeztu zuten atzo Alde Zaharreko enpresa hazitegian. 50 bat lagun elkartu ziren aurtengo nobedadeak ezagutu eta aurreko urteetako parte-hartzaileen zein dinamizatzaileen esperientzia entzuteko. Jardunaldion helburu nagusia gazteak emozionalki indartzea eta euren berezko gaitasunak ezagutzea da. Autoezagutza da lehenengo fasea, garapen pertsonala bigarrena eta bokazio profesionala azkena.
Raquel Urtaran elkarteko presidenteak ireki zuen ekitaldia bost urte hauetako ibilbidea gogoratuz: "Erantzukizun handia dugu proiektu honekin, egoera gogorrak bizitzen ari diren gazteak daudelako, eta beharbada Awake-Gasteizen bakarrik ez dute bilatzen babesa honi aurre egiteko. Awake-Gasteizekin ikasi dut gazteak zein indartsuak diren".
Miren Fernandez de Landa Gasteizko Gazteria zinegotziak bere interesa erakutsi zuen egitasmoarekin: "Gazteei aukerak eman behar zaizkie, langabezia eta prekaritatea jaitsi, emanzipazioa errazteko neurriak hartuta. Aisialdirako jarduera alternatiboak eta kreatibitatea bultzatez, besteak beste. Gasteizek hiri gaztea izaten jarraitu behar du".
Dinamizatzaileek gazteen aldaketa eta garapena nabarmendu zuten urte hasieratik amaierara. Zenbat laguntzen dien beren eguneroko erronkak beste perspektiba batetik ikusten eta bizitzan aukera burujabeagoak hartzen.
Ekitaldia bosgarren edizioko parte-hartzaileek itxi zuten. "Nik berriro egingo nuke bi aldiz pentsatu gabe. Gauza asko erakusten dizkizu, eskolan edo beste edozein tokitan erakusten ez dizkizutenak. Bizi osoan zehar badira balore eta konpetentziak lo dituzunak eta bat-batean esnatu egiten dira", aipatu zuen gazteetako batek.
Taldeko tailerrak asteazkenetan 18:30etik 21:00etara izango dira. Gainera, parte-hartzaileen coaching saioak izango dituzte beren arazoen inguruan hitz egin eta beren garapaen pertsonalaren jarraipen zehatza egiteko. Pertsonak hautatzeko elkarrizketa personal bat egiten da interesatuen konpromiso maila ezagutzeko. Interesa dutenek info@awakegasteiz.org helbidera idatzi dezakete.