Eguberrietako argiztapena handituko dute Gasteizen

Erredakzioa 2019ko ira. 18a, 12:04
Argiztapena abenduaren 5ean abiatuko dute, urtarrilaren 7ra arte. / GASTEIZKO UDALA

Kale gehiagotara iritsiko dira LED argiekin egindako apaingarriak, eta horretara 33.057 euro gehiago bideratzea aurreikusi du Udalak. Eguberrietako Haur Parkea Hegoalde gizarte etxean mantenduko dute, lizitazio baten arabera.       

Aurtengo Eguberrietako argiztatzearen tamaina handitzea erabaki du Gasteizko Udalak, eta, horretarako 33.057 euroko balioa duen kontratuaren lizitazioa abiatu du. Hala azaltzen da Udalak berak egunotan argitaratu duen baldintza teknikoen orrian.

Iaz 83.732 euroko kostua izan zuen kontratua esleitu zioten Blachere enpresari, 40 kaletan baino gehiagotan LED argiak jartzeko. Aurten kontratu hori luzatzea erabaki dute; baina, halere, beste kontratu berri bat abiatzeko prozesua martxan jarri dute, kale gehiagotara iristeko. "Iazko kanpaina ebaluatuta, argiztatzeko kaleen kopurua zabaltzea beharrezkotzat jotzen da, gure hiriaren erakargarritasuna indartu aldera", zehazten du agiriak. 

Zehazki, zuhaitzen gainean LED argiak jarriko dituzte honako kaleetan: Vicente Goikoetxea (37 zuhaitzetan), Babesgabetuen plaza (15) eta San Anton plaza (20). Honduras eta Posta kaleen kasuan, faroletan jarriko dituzte argiak: 10 eta 8 irudi, hurrenez hurren. Azkenik, Europa Jauregiaren eta Hegoalde gizarte etxearen inguruak ere argiztatuko direla azaltzen da, azken eraikin honetan Eguberrietako Haur Parkea jarriko dutela zehazten delarik. 

Ordutegia ez dute aldatu, baina. Argiztapena abenduaren 5ean hasiko da, eta 2020ko urtarrilaren 7ra arte luzatuko da, 18:00etatik 00:00ra. Asteburuetan eta jaiegunetan, berriz, 03:00ak arte luzatuko dute.   

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide