Sansomendin eta Salburuan arratoiak daudela salatu dute

Erredakzioa 2019ko ira. 13a, 10:26

Salburuko bizilagunek grabatutako hainbat bideotan ikusi daitezke arratoiak; Sansomendin animaliak hiltzeko kanpaina egin du Udalak.

Arratoien presentziak Sansomendiko eta Salburuko hainbat bizilagun izutu ditu. Abuztutik gaurdaino, gutxienez, bi bideo grabatu eta sareetan zabaldu dituzte Salburuko bizilagunek, eta horietan auzoko zaborraren edukiontzien inguruan eta heskaien aldamenean arratoiak gora eta behera ikusten dira.

Sansomendin, berriz, bizilagunen kexaren ostean, Udalak arratoien foku bat atzeman zuen auzoan, eta abuztuaren 20an arratoiak hil zituzten. Dena den, bizilagunak berriro kexatu direnez, aste honetan bertan egiaztatuko dute fokua desagertu den edo ez.

Udalak jasotako datuen arabera, Gasteizen arratoien presentzia ez da kezkagarria; dena den, udako beroarekin ohiko babeslekuetatik ateratzen dira animali hauek eta hainbat puntutan kaleetatik erraz ikusi daitezke. Udalaren arabera, gainera, edukiontzietatik kanpo zaborra uzteak animaliak erakartzen ditu. Hala ere, Salburuan eta Sansomendin auzokideek "garbiketa zerbitzu eskasari" eta "lorategien egoera txarrari" egotzi diote arratoien arazoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide