2020 ekitaldiko aurrekontu-proiektuak, aurreneko aldiz, genero ikuspegia aintzat hartuko du, bai lantzeko orduan, eta baita gauzatzeko orduan ere. Hala esan du Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik, bere sailaren 2019-2023 agintaldirako programaren aurkezpenean. Horretarako, genero-adierazleak landuko dituzte, kontuen proiektuko aurrekontu-programetarako, eta, era berean, aurrekontua gauzatzeak genero ikuspegiari nola erantzuten dion ebaluatzeko sistemak ezarriko dira.
Bere aurreneko helburuen artean jarri du Gurtubaik adostasuna bilatzea, datorren urteko ordenantza fiskalak eta udal aurrekontua onartzea errazteko. Urteko balantze ekonomikoan izandako aurrezpen garbi eskasaz ohartarazi du Gurtubaik, eta egoera hori konpondu beharra dagoela azaldu du, tasak eta prezio publikoak zenbait zerbitzuren benetako kostura moldatzeko premia. Era berean, Udalaren zorra murrizten jarraitzeko konpromisoa hartu du.
Asteon Gasteizko udal gobernu berriko zinegotziak etorkizunera begira dituzten erronkak eta legegintzaldiaren ardatz nagusiak aurkezten ari dira.