‘Humanity at Music’ sinfonia kooperatiboa izango da hilaren 14an, Buesa Arenan

Erredakzioa 2019ko ira. 6a, 17:16

Euskadiko Orkestrak, Kukai dantza taldeak eta Euskal Herriko abesbatza talde ezberdinetako 450 ahotsek parte hartuko dute. 

Getxoko musikagile Fernando Velazquezen zuzendaritzapean, mila lagun inguru igoko dira irailaren 14an, Buesa Arenan egokituko duten agertokira, Humanity at Music izeneko ikuskizunaren barruan. Besteak beste, Euskadiko Orkestrak; Kukai dantza taldeak; Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, Euskal Herriko bertsolari aipagarrienek eta hainbat abesbatza eta dantza-eskola nahiz elkartetako 500 lagunek parte hartuko dute, eta baita Gasteizko Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioa ere.

Ekitaldi nagusia 18:00etan hasiko da. Artistak, eszenografia, 3D proiekzioak, soinu eta argi-diseinuak uztartuko dituen nahasketa ikusteko aukera izango da bertan. Ikuskizunak Fernando Velazquezek konposaturiko eta Jon Sarasuak idatzitako sinfonia kooperatiboa izango du ardatz; guztira, zortzi piezez osatuta egongo da.

Baina, kontzertuaz gain, bestelako ekintzak ere izango dira egun osoan Buesa Arenaren kanpoaldean. Eguerdian,  tailerrak, jarduerak eta erakusketak egongo dira. Eta ikuskizuna amaitzean, amaierako festa bat egingo dute. Gainera, egun osoan zehar food truckak egongo dira ingurunean edari eta janari artisauarekin.

Sarrerak dagoeneko salgai daude proiektuaren webgunean (www.humanityatmusic.com), prezio eta modalitate desberdinekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide