Gure bazterrak

Salburua, parkeen arteko izarra

Erredakzioa 2019ko ira. 8a, 06:00

Salburuko hezegunea. IÑAKI LAZKANO

Salburuko hezeguneak berreskuratzeko plan bat onartu zuen Gasteizko Udalak 90. hamarkadaren hasieran, nekazaritza lanak abandonatu zirenean. Handik gutxira eraiki zituzten etxe orratzak.

Hiru aintzira nagusik osatzen dituzte Salburuko hezeguneak, eta 1857. urtera arte bederen ukitu gabe egon ziren: Betoñu, mendebaldean; Larregana, iparraldean; eta Arkauti, hego-ekialdean. Aintziren inguruetan larre aberatsak hazten ziren, eta aziendak bertan bazkatzen ziren, bereziki uda garaian, urek behera egitean animaliak erraz sartu ahal zirenean. Larreak baliatzeaz gain, inguruko herritarrek uretako hegaztiak eta beste animalia batzuk ehizatzen zituzten, arrantza egiten zuten eta egurra ere bertatik hartzen zuten. Ekologiaren ikuspuntutik, Euskal Herriko aintzira multzo baliotsuenetako bat zen Salburukoa. Arkautiko aintziraren inguruan, gainera, ordoki harizti zabala zegoen.

Halere, Udalak soroen azalera handitu nahi zuen, urek hartzen zituzten lurrak eta hariztiak laborantzarako baliatzeko. Gogoratu behar da, garai hartan, hezeguneak gaixotasunen iturri zirela uste zutela, eta lurrak lehortzea onuragarria izango zela uste zuten. Hala, 1857an, Larreganeko aintzira drainatzen hasi ziren; geroago, Arkautikoa, eta azkenik, XX. mendearen erdialdean, Betoñuko aintzira lehortu zen.

Larreganeko aintzira lantzea lortu zuten, baina Arkautikoak urez estalita jarraitu zuen denbora luzez. Dena den, hariztia moztu eta aintzira drainatu zutenean, Arkautiko aintzira guztiz lehortzea lortu zuten. 1970az geroztik, Betoñuko aintziraren laurden bat ere suntsitu zen, obra materialez bete baitzuten, eta bertan kirol instalazioak jarri ziren. Inguruek, aldiz, ez zuten aldaketa nabarmenik izan.

Nekazaritza lanak pixkanaka utzi zituztenean, 1990eko hamarkadaren hasieran, Salburuko hezegunearen ingurumena lehengoratzeari ekitea erabaki zuen Gasteizko Udalak.

Bide batez, 1998. urtean Salburun etxebizitzak eraikitzeko lehenbiziko tramiteak hasi zituen udal gobernuak, eta 2000. urtean onartuko zuten zinegotziek Salburuko lehen Plan Partziala. Ordutik sei plan onartu ditu Udalak eta beste horrenbeste orube urbanizatu dira, tartean Santo Tomas, Izarra, Ibaialde, Larrein eta Arkaiate.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago