Uda agurtuko dute Olarizuko erromerian

Erredakzioa 2019ko ira. 9a, 16:27
Olarizuko erromeria egingo dute igandean. ALEA

Udalbatzak udal-mugarrien ohiko txangoa egingo du, Foronda eta Arratzua-Ubarrundia artean.

Urtero bezala, Gasteizek herri erromeria egingo du astelehenean, Olarizuko zelaietan. Udari agur esan eta bildutako uzta eskertzeko nekazariek egin ohi zuten jaia gogoratuko dute gasteiztarrek. Goiz horretan bertan udalerriko mugarrien urteko ibilbidea egingo du udalbatzak,  500 urtetik gora duen ohiturari eutsiz. Hala, ohiko txangoa Foronda eta Arratzua-Ubarrundia artean egingo dute zinegotziek, hamaika kilometro inguruko ibilbidea, alegia.

Aurtengo ibilbidea, 33F zenbakia duen Las comunidades mugarritik 185 zenbakiraino Minako Arana izenekora joango da, tartean Foronda, Mendiguren, Miñaogutxi eta Miñao herriak igaroko dituztelarik. Inguru horretan Zigoitiako udalerriko Apodaka, Etxabarri Dibiña eta Mendarozketarekin muga egiten du hiriburuak, eta Arratzua-Ubarrundia udalerriko Ziriano, Betolaza eta Lukurekin.

Horrez gain, Olarizuko zelaietan jai giroa nagusituko da arratsalde partean, besteak beste ohiko babarrun-jana eta igoera Olarizu gainera. Jaiaren amaiera Plaza Berrira itzultzeko ibilbidearekin batera izango da. Udal Musika Bandak, txistulari, atabalari, trikitilari, gaita-jotzaile eta danborrariek zein Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak lagunduko dute kalejira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide