Emakumeei buruzko gogoeta

Erredakzioa 2019ko ira. 9a, 07:00
Oitia Ortiz de Lazkano eta Amaia Otxoa, Jose Lejarreta kaleko Artgia gunean. / Artgia

Bi belaunaldi desberdinetako emakumeek, Amaia Otxoak eta Oitia Ortiz de Lazkanok, "emakumeen inguruko hausnarketa" eraman dute Gasteizko Artgia gunera; hilaren 21era arte izango da ikusgai.

"Zer gertatzen da gizon batzuekin? Zer gertatzen da emakume batzuekin?". Martxan da ikasturte berria Gasteizko Artgia aretoan, eta hausnarketa abiatu dute Oitia Ortiz de Lazkano eta Amaia Otxoaren eskutik. Aurreko galdera horiekin gogoeta egin nahi dute. "Momentu honetan emakumeek jasaten dituzten erasoez hitz egin nahi dugu; zer modutan kontatu diguten historia, eta nola ikusten duen 17 urteko emakume batek inguratzen duena", azaldu du aretoko koordinatzaile Irantzu Lekuek.

Izeba eta iloba dira Amaia eta Oitia, eta, 38 urteko adin tartearekin, haiek bultzatuko dute hausnarketa. "Ez da ohikoa horrelako adin tarte bat duten artistak elkarrekin aritzea, baina horregatik da hain aberatsa, hain interesgarria", nabarmendu du Lekuek.

Hamaika galdera jarri dituzte mahai gainean artistek. "Zer egoeratan daude emakumeak, nola hezitzen ditugu gure haurrak, gure kideak, gurasoak, lagunak. Maitasunez aztertu behar dugu gu geu garena, errudun eta epaituak izan gabe, baina jasan beharko dugun erasoari aurre egiteko modu bakarra da", azaldu dute egitasmoaren aurkezpenean. Nondik datozen ulertzeko "erraietara" jo behar dutela uste dute: "Historian zehar ez digute utzi zirkulu publikoetan hitz egiten, ez unibertsitatean, ez parlamentuetan, ez bilera sozialetan. Historia idatzi zuenak berak kontatu digu".

Hala, azaletik bada ere, baina oso modu grafikoan, sei hiztegi entziklopedikotan aztertu dute gizonen eta emakumeen argazkien arteko proportzionaltasuna.

Izeba eta iloba

Amaia Otxoak Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen hainbat urtez, diziplina desberdinetan. Interiorismoa eta diseinu grafiko ikerketak egiten ditu Goimailako diseinu eskolan. Eta 1992. urtetik hamaika erakusketa paratu ditu.   

Oitia Ortiz de Lazkano, bere aldetik, Batxilergoko bigarren mailako ikaslea da. Gazterik hasi zen feminismoa, antikapitalismoa, anarkismoa edota komunismoari buruzko formakuntza ikastaroekin. Arteari dagokionez, lehendabiziko kontaktua izan du honakoa, izebarekin batera aurkeztutakoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide