Katalunia

"Eskubideak jokoan dauden bakoitzean altxatuko gara"

Anakoz Amenabar 2019ko ira. 7a, 06:00

Etapa profesional berri bati ekingo dio Gorka Knörrek Madrilen. /Llengua Nacional

Madrilen du jokaleku berria Gorka Knörrek, Generalitatearen ordezkaritzan. Bi gobernuen arteko harremana hautsirik dagoela dirudienean, elkarrizketari eusteko mezu irmoa agertu du EAko eledun ohiak.

Euskal Herritik Kataluniara egin zuen jauzi duela urte batzuk, eta Madrilen ekingo dio orain etapa berri bati Generalitateko ordezkari modura Gorka Knörrek (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1950). Bi gobernuen arteko mezu politikoen zubi-lana egin eta Espainiako hiriburuan kultura jarduerak kudeatzeko lana izango du lehentasun aurrerantzean. Erronkari gogotsu heldu dio, hurrengo hilabeteetako hainbat gertakarik beharra "are zailagoa" jarriko diotela sumatzen duen arren.

Kargu berria eskutan, nola irudikatzen duzu ikasturte politiko berria?

Ez dago esan beharrik ikasturte politiko konplikatu baten aurrean gaudela, batez ere hasiera hau oso baldintzatuta dagoelako Espainiako Gorenetik etorriko den sententziarekin. Denok dugu buruan hori, eta ziurrenik baldintzatu egingo du hurrengo hilabeteetan gertatuko dena. Bestetik, badakigu Espainia aldean gero eta zailagoa gertatzen ari dela gobernua osatzea eta horrek ere eragina izango du, ez bakarrik Katalunian, baina bereziki han.    

Kargua eskaini zizutenean zalantzarik izan zenuen?

Nire bizitzan beti hartu izan ditut arriskua duten erabakiak. Gogoan dut lehenengo aldiz Jaurlaritzan sartu nintzenean, orain dela 34 urte, Garaikoetxearen eskutik, sarerik gabe salto egin nuela eremu pribatutik eremu publikora. Eta bai, esan daiteke konfort eremutik atera naizela orain, baina erantzukizun bat dut pertsonalki eta politikoki Kataluniako prozesuarekin eta horrekin zerikusi zuzena duten beste prozesu batzuekin, tartean Euskal Herrikoarekin. Beraz, ez dut dudarik izan, badakit bizitza pixka bat konplikatu egingo dela, baina egin behar nuela uste dut. Bada zoriondu beharrean dolumina agertu didan bat baino gehiago, halere, kar kar...

Zein lehentasun dauka Kataluniako ordezkaritzak Madrilen?

Gauza asko egiten dira bertan. Batetik, badira kulturarekin zerikusi zuzena duten ekitaldiak; katalan ikastaroak daude, liburutegi on bat dago, era guztietako ziklo eta erakusketak antolatzen dira. Eta, beste alde batetik, arlo politikoa dugu; harremanei dagokiena, alegia, gobernu batetik bestera doazen mezuak eta era guztietako gestioak, eta era guztietako erakundeekin harremanak zaindu eta indartzea. Uste dut esfortzu handi bat egin behar dela azken honetan.

"Buruzagi politikoak kartzelan ditugu, abeslariak erbestean, 700 alkate auzipetuta..."

 

Espainiako Gobernua eta Generalitatearen arteko harremana nola dagoen ikusita, nondik abiatuko duzu lana? Elkarrizketarik bada?

Elkarrizketak ustez hautsita daudela dirudien arren, edo azalez hori dirudien arren, beti daude elkarrizketak, gerra eta gatazka guztietan daude elkarrizketak, eta egongo dira. Gogoan dut etapa ilun batean, ETAk su-etena hautsi zuenean, Lizarrako garaietan, Europako parlamentuan nintzela, eta han bazeuden gure kontra era basati batean aritu ziren hainbat agintari, baina beti egon ziren elkarrizketaren bidea defendatu zutenak ere, modu publikoan eta pribatuan beste askotan. Hori zaindu behar dugu, formak ez ditugu galdu behar. Ez dadila izan gure aldetik behintzat.

Mahai gainean jarri ditu Pedro Sanchezek gobernua osatzeko neurriak, eta, horien artean, uko egiten dio Katalunian erreferenduma egiteari.

Espainiako agintariak dituzten arazoen aurrean ezikusiarena egiten saiatuko dira, eta argi esan behar dugu ez dagoela Europa osoan, eta beharbada mundu osoan, Katalunian gertatzen dena bezalako fenomenorik. Zifrak azter ditzagun. Bi milioi laguneko kolektibo bati buruz ari gara, Alemanian Baden-Württemberg moduko estatu federal batean lau milioi lagunek urtez urte eta hauteskundez hauteskunde independentziaren alde ariko balira bezala; segur aski, momentu horretara heldu baino lehenago Alemanian bertan norbaitek pentsatuko zuen arazo horren aurrean zerbait egin behar zela. Espainian, berriz, ez; ezikusiarena egiten ari dira, eta era guztietako tranpak egiten.

Diada ospatuko da datorren astean, hilaren 11n, 'Tornarem' leloarekin...

Gure eskubide demokratikoen defentsan ezin dugu besterik esan. Argi eta garbi esan behar dugu eskubideak jokoan dauden bakoitzean berriro ere borrokatuko garela, berriro kalera aterako garela, eta berriro ere altxatuko garela injustiziaren kontra. Orain 40 urte altxatu ginen bezala gaur ere hori egin behar dugu, eta ez dugu zalantzarik. Guk irmo defendatu behar ditugu eskubide guztiak, pertsonal eta kolektiboak. Eta hori da, une honetan, gehien kezkatzen gaituena; momentu honetan, era baketsu eta demokratikoan aritu diren buruzagi politikoak kartzelan ditugu, buruzagi sozialak kartzelan, liderrak erbestean, kantari bat edo beste erbestean, manifestazio batean parte hartu duen pertsona bat Belgikan exiliatua, 700 alkate baino gehiago auzipetuta... horrek kezkatzen gaitu gehien orain.

Kataluniako prozesuaren bide-orrian zein da hurrengo pauso garrantzitsuena?

Orain, batez ere, Diada dugu aurrean. Kalean erakutsi behar dugu gure asmoa zein den, eta hortik aurrera independentziaren alde eta burujabetasunaren alde dauden guztiak, ahalik eta neurririk handienean, beraien estrategiak adostea. Badakigu ez dela erraza, baina gure erantzukizuna da hori lortzea.

"Gerra eta gatazka guztien erdian daude elkarrizketak, eta egongo dira"

Gorenaren sententziak nola markatu ditzake hurrengo hilabeteak?

Ikusi beharko da, baina zenbait sektoretatik erantzun bateratu bat eskatzen ari dira, erantzun irmo bat kalean zein erakundeetan. Pentsatu beharko dugu nola egin; ezin dugu burua makurtu besterik gabe, eta are gutxiago kutsatutako justizia batetik datorrenean.

Bien bitartean, Espainiako Gobernua osatu gabe.

Eta uste dut hauteskundeetara goazela. Esango nuke gauzak gertatu diren bezala, eta ikusita lagun hurkoa –Podemos– nola tratatu duten, ikusten dut alderdi sozialistak erabakia hartua duela hauteskundeetara joateko.

Nola eragiten dio Kataluniari horrek?

Egunerokoan uste dut denoi eragiten digula, eta orain ikusten ari gara, esate baterako, erkidego guztietan eragin finantziero bat izan dela, denak konturatu dira zer suposatzen duen gobernua ez izateak; Euskal Herrian gutxiago kontzertu eta hitzarmen ekonomikoei esker, baina besteetan eragin zuzena du, asko luzatzen ari baita diruak jasotzeko epea, eta horrek eragin zuzena du programetan, diru-laguntzetan... Azkenean jendeak sufritu egiten du.

Beste alde batetik, Carles Puigdemont, Toni Comin eta Oriol Junqueras eurodiputatu izateko aukerarik gabe daude, Espainiako Hauteskunde Batzordearen akta ez dutelako.

Arbitrariotasun hutsa da. Legez kontrako erabakia dela uste dut. Ni 1999ko ekainaren 13an hautatu ninduten Europako Parlamenturako, eta handik bi egunera nire parlamentari-txartela nuen Bruselan, nire paper guztiak, eta negoaziazioak hasita genituen talde batean sartzeko. Hilabete beranduago ekarri gintuzten Madrilera Konstituzioaren zina egitera. Lisboako tratatuaren arabera, Junqueras, Comin eta Puigdemont Europako Batasuneko hiritar guztien izenean ari diren europarlamentarioak dira, eta ez dute zertan inongo Konstituziorik zin egin. Bestelakoa uste dutenak arbitrariotasun baten alde ari dira.

Euskal Herrira begira, nolako giro politikoa sumatzen duzu?

EAEko hauteskundeetan argi geratu da EAJ indartsu dagoela, eta Nafarroan ematen du apur bat atzera egin duela abertzaletasunak, baina batez ere Espainiako eskuineko indarrak batu direlako izan da. Ni itxaropentsu nago; abertzaleen arteko diferentziak, baita pertsonalak ere, desagertzen direnean momentua izango da abertzaleen artean aurrera begira jartzeko eta adostasunak hedatzeko, posible bada burujabetzaren gailurra egiteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago