Europako Arkeologoen Elkarteak, 25. urteurrenean, euskal proiektuari eman dio, maila instituzionalean, saria. Banakako kategoriakoa, berriz, Osman Kavala turkiar filantropoak eta ondarearen babesleak jaso du.
Elkartearen ustetan, aurtengo sarituek "lan handia egin dute gure ondarearen hezkuntza eta gizarte balioak sustatzeko". Honekin lotuta, honakoa aipatu du sariaren zuzendari Franco Nicolisek: "Saritutako lanek argi eta garbi erakutsi dute ondarea kudeatzeko politikek turismoan eta eskualdea berritzeko proiektuetan eragin handia izan dezaketela. Horrez gain, ondareak pertsonen bizi baldintzak hobetu eta kohesio soziala eta lankidetza sustatzeko balio duela erakutsi dute".
1999an sortu zuen Arkeologoen Europako Elkarteak saria eta ordutik batzorde independente batek erabakitzen du urtero saria nori eman. Ondare arkeologikoaren inguruko ezagutza sortzeagatik, honen hedapenagatik, babesagatik eta Europako ondare arkeologikoa hobetzeko egindako lanagatik saritzen dituzte norbanako zein elkarteak.