Indarkeria matxistaren udal protokoloa eguneratzeko eskatu dute

Erredakzioa 2019ko abu. 29a, 10:11

Elkarrekin Vitoria-Gasteizek gogorarazi du araudiak ez dituela LGTBI kolektiboaren kontrako erasoak kontuan hartzen.

Elkarrekin Vitoria-Gasteizek (Podemos, Ezker Anitza IU eta Equo Berdeak) udal gobernuari eskatu dio genero indarkeriaren inguruko udal protokoloa "luzamendutan ibili gabe" gaurkotzeko. Gogorarazi du dagoeneko zazpi urte pasa direla indarrean jarri zenetik, eta hortaz, ez datorrela bat gaur egungo errealitatearekin; adibide gisa aipatu du ez direla LGTBI mugimenduaren kontrako erasoak aintzat hartzen. 

Protokoloak Berdintasuna, Gizarte politikak eta Udaltzaingoaren departamentuan du eragina. Koalizioaren arabera, araudia gaurkotzerakoan esandako sailak eta berdintasunaren alorrean zein indarkeria matxistaren biktimekin lan egiten duten elkarte eta mugimendu feministak elkarlanean aritu behar dira.

Elkarrekin Vitoria-Gasteiz arduratuta agertu da egungo araudian indarkeria matxistaren kontzeptua bera eta horren aurrean hartu beharreko neurriak gaurkotu barik daudelako eta LGTBI kolektiboak jasaten dituen erasoak ez daudelako jasota. Azpimarratu du Gasteiz ezin dela "atzean geratu" eta ezinbestekoa dela pasa den agintaldian aurreikusitako zegoen zeregin bat aurrera ateratzea.

Derrigorrezko formazio saioak udaltzainentzat

Bestalde, Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Marian Gutierrezek iragarri du udaltzaingoa derrigortuta egongo dela LGTBI-ren kontrako erasoak artatzeko formazio saioetan parte hartzera. Azaroan hasiko dira ikastaroak.

Pasa den urtean esandako saioak egiteko aukera izan zuten udaltzainek. Baina, izen-ematea borondatezkoa zen eta ez ziren egin, udaltzain bakarrak agertu zuelako interesa.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide