Pasa den abuztuaren 18an, hainbat kaputxadunek Errekaleor auzoko bizilagunek kudeatzen duten oilategiaren kontrako ekintza egin zuten. Bertan zeuden 40 oiloak aske uzteko ekintza Animalien Askapenerako Frenteak (FAL) aldarrikatu zuen, eta berau burutzeko arrazoiak komunikatu batean zabaldu zituzten.
Errekaleor bezalako proiektu batek beste espazio eta pertsona batzuentzat suposatu dezakeen "erreferentzialtasuna" aintzat hartuta, "erantzukizun sozial eta politikoa izan beharko luke", azaldu dutenez. Horrenbestez, oilategia auzokideek asanbladan adostutako proiektua dela onartu arren, "antiespezistek espazio kolektiboetan aldarrikatzen dituzten minimoak beti betetzen ez direla" salatzeko ekintza dela argudiatu dute. "Askatasuna ez da negoziagarria" eta oilategiaren kasu honetan, "animalien esplotazio eta kartzelaratzea zilegitzat jotzen duen egoerarik ez dagoela" argi uzteko ekintza izan dela adierazi zuten.
Errekaleor auzoko bizilagunek, beraien aldetik, ekintza salatzeko mezua argitaratu zuten sare sozialetan. Bertan, oilategia erasotzeko ekintzan "kalte ezberdinak eragin eta oiloak desagerrarazi" zituztela salatu nahi izan dute.
Auzoko lagunek emandako erantzun bateratu horretan "auzoko segurtasunaren urraketa" bat gertatu izana onartezintzat jo dute eta "marra gorria" gurutzatu izana kritikatu dute, "herri mugimenduko proiektuen arteko konpromiso falta" adieraziz.
Animalien Askapenerako Frentea (FLA)
Animalien Askapenerako Frentea nazioarteko erakunde klandestinoa da. Animalien eskubideen defentsan zuzeneko ekintzak burutzea du helburu eta herrialde ezberdinetako aktibistek osatutako taldea da. Izaera ezberdineko ekintzak aldarrikatu ohi' dituzte: laborategi edo ustiapen guneetako animaliak aske uztea, instalazio ezberdinak suntsitzea edo zainketa zein albaitaritza guneak sortzea, esate baterako. Mugimendu bortitza ez dela adierazten dute, eta, era berean, animalien askapenerako edozein ekintza zilegitzat jotzen dute.