Salburua eta Zabalgana auzoetako bizilagunek osatzen duten Gasteiz Batu plataformak, azken unera arte, Abiadura Handiko Trena lurperatzeko egungo proiektuaren kontrako alegazioak biltzen jarraituko duela jakinarazi du. Legez, Gobernu Ordezkaritzan alegazioak aurkezteko epea irailaren 9an agortzen da, eta plataformako kideek azken egunak baliatu nahi dituzte sinadura gehiago jasotzen jarraitzeko. Momentuz, 2.000 alegazio jaso dituzte eta irailaren 4a arte gonbidapena luzatu diete herritarrei beraien alegazio eskaerak sinatu eta plataformaren esku utz ditzaten.
Plataformatik, atxikimendu gehiago biltzeko asmoz, egunotan bilera informatiboak eta sinadura bilketak egiten ari dira. Gainera, alegazioa bere izenean aurkeztu nahi duen edonork beharrezko dokumentazioa eta berau entregatzeko tokiei buruzko informazioa plataformaren webgunean aurkitu dezakeela jakinarazi dute.
Alegazioen zergatia
Egungo lurperatze proiektuak Salburua eta Zabalgana auzoak alde batera uzten dituela salatu dute Gasteiz Batu plataformako kideek. Hasiera batean aurkeztutako proiektuak 6,8 kilometro lurpean izan behar zituela aurreikusten bazuen ere, azken txostenek lurperatutako zatiaren luzeera nabarmen murriztu dute (3,8 km), eta ondorioz, Salburua eta Zabalgana auzoetako tarte handi batean trena aire zabalean egongo da.
Ingurumen-inpaktuaren azterketa onartua izan ez dadin eskatzen dute auzokideek. Proiektuak gabezia nabariak dituela iritzita eta bizilagunen beharrak aztertu ez direla argudiatuta, auzoak nabarmen kaltetuta geratuko direla salatu dute.
Besteak beste, azalean doan bidaiari eta zama trenen kopurua biderkatu egingo denez, horrek suposatuko duen zarata eta bibrazioen handitzearekin kezkatuta daude auzokideak. Gainera zarata arazoa murrizteko 6 metro altuerarainoko panelak ezartzea proposatzen da proiektuan, horrek auzokideentzat isolamendu eta inpaktu bisuala eraginez.