Irailaren 2an hasiko dira Bus Elektriko Adimentsuaren ibilbidea egokitzeko lanak

Erredakzioa 2019ko abu. 28a, 06:00
Irizar, Yarritu eta LKS enpresei esleitu zaizkie BEAren obra lanak.

Hiriko lau gune ezberdinetan egingo dira lehen egokitzapenak.

Irailean ekingo diote Bus Elektriko Adimentsua (BEA) martxan jarri ahal izateko aldez aurretik egin beharreko egokitzapen lanei. Hortaz, BEA hiriko kaleetan zehar ikusteko 16 hilabete inguru falta diren arren, ikasturte berriarekin batera ikusi ahalko dira Gasteizko zenbait kaletan lehen aldaketak.

Uritiasolo industria-guneko biribilgunea, Mendizorrotzako parkinga, Hegoalde Gizarte Etxearen ingurua eta Arabako Unibertsitate Ospitalea izango dira lehen aldaketak jasango dituzten guneak; eta irailaren 2an hasiko dira lanak bertan.

"Lehen fasea ahalik eta enbarazu gutxien eragiteko" diseinatu dela adierazi du Amaia Barredo zinegotziak eta gune horietan trafiko mozketa puntualak bakarrik izango direla azpimarratu nahi izan du. Garraio publikoak ere ohiko moduan jardungo duela jakinarazi nahi izan dute Udaletik.

Adurtzako Esmaltazioen biribilgunea izango da aldaketa nabarmenena izango duen guneetako bat, eta bertan oinezkoen pasabideak eta bidegorri berriak egokitu beharko dituzte errepidearen zabalkundearen eraginez. Antzeko egoera emango da Arabako Unibertsitate Ospitalean ere.

Aparkalekuetan eragina

Hegoalde Gizarte Etxearen eta Mendizorrotzako kirol-gunearen inguruetan, berriz, eragina beste zentzu batean pairatuko dute bizilagunek. Hain zuzen aparkalekuei eragingo baitie batik bat aipatutako lanak.

Hegoalde gizarte etxeko parkinga behin behineko trafikoa bideratzeko errail bezala egokituko da, bertako aparkalekuak desagertaraziz. Eta Mendizorrotzeko aparkalekuan antzeko egoera biziko da. Lanek iraun bitartean, trafikoa bideratzeko errail berria sortuko da aparkalekuan eta gainera obrako materialak, etxolak eta makinak gordetzeko biltegia ere ezarriko da. Parking guztiaren erdia hartuko dute lanek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide