Tratu txarrak eta salaketa faltsuak parekatzen dituen pankarta erakusteagatik, Federaziotik bota dute Mozkorraldi blusa taldea

Erredakzioa 2019ko abu. 7a, 23:22

Polemika piztu da gaur arratsaldez Gasteizko jaietan, zenbait blusek mezu matxistak erakusten zituzten mezuak zabaldu ostean.

Edozein motatako erasoen aurka lelopean 10 minutuko isilunea egin dute blusa eta neskek ohiko zezenetara paseoa hasi aurretik. Jaietan jazotako azken eraso matxista salatzeko egindako elkarretaratzearen ondoren, Mozkorraldi blusa taldeari egokitu zaio gaurkoan paseoa irekitzea.

Momentu horretan blusa kuadrillako zenbait kidek, tartean elkarteko presidenteak, indarkeria matxista zalantzan jartzen duten hiru pankarta zabaldu dituzte. Besteak beste, Salaketa faltsuak=tratu txarrak=zigor berdina edo Indarkeria jarrerarekin lotuta dago, ez generoarekin bezalako leloak erakutsi dituzte bertan.

Taldeko zenbait kidek, mezuak ikusitakoan, blusa taldeko zapia eta adabakia kendu eta jokabidea gaitzetsi dute.

Blusen Federazioak, bere aldetik, egoeraren berri izandakoan, taldea berehalakoan federaziotik kanporatzea erabaki du "genero indarkeria gizarteak pairatzen duen izurrite bat" dela argi adierazi nahi izan dutelako. Gasteizko Udalak, bere aldetik, "probokazio bat" izan dela adierazi du, eta erabiltzaile askok gaitzespen mezuak argitaratu dituzte sare sozialetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide