Gasteizko Jaiak 2019

Festarako gogoa ez da kabitu plazan

Erredakzioa 2019ko abu. 4a, 19:58

Jaietan bete-betean murgildu da Gasteiz, txupinazoarekin eta Zeledonen jaitsierarekin batera.

Ondo errotutako tradizioek ez dute hutsik egiten. Enegarrenez, aterkia lagun, San Migel elizako kanpandorretik Andre Maria Zuriaren plazara jaitsi da Zeledon, Gasteizko 2019ko jaiei hasiera emateko.

Gorka Urtaranek aurten pankartarik ez zela izango esana zuen arren, ohi bezala hainbat aldarrikapen izan dira plazan. Horietako bat, San Migel elizako teilatutik eskegita egon da hainbat minutuz, baina azkenean udaltzaingoak kendu du.

Osasunaren arloan aritzen diren hiru kooperanteri egokitu zaie aurten txupinazoa jaurtitzeko pribilegioa, eta, horrekin batera, festa giroa nagusitu da Andre Maria Zuriaren plazan eta inguruetan. San Migel elizako kanpandorretik jaitsi da ondoren Zeledon, eta bueltako ibilbidea onik egin du. Alkateari eta txupineroei hiriko zapia jarri die orduan, eta plazaren aurrean agertu da. Jaietan ez daudenak gogoan izan ditu Gorka Ortiz de Urbinak, eta jaietan ere ez ezetz dela azpimarratu du. Jaietan zehar inolako erasorik ez egoteko eskatu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago