Arabako SEADen Lagunen Elkarteak kontzentrazioa deitu du asteazkenean, 18:30ean, Olagibel kaleko Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, azken egunotan Marokok Sahara okupatuan zabaldu duen "errepresio bortitza" salatzeko.
Izan ere, iragan uztailaren 20an, Argeliak Afrikako Kopan lortutako garaipena ospatzeko Aiunen egin ziren ospakizunak indarrez eragotzi zituzten Marokoko poliziek, eta istiluen kontrako ibilgailu batek Sabah Azman Hamida gaztea harrapatu eta hil zuen. Egun berean, dozenaka lagun atxilotu zituzten eta zaurituak ere gertatu ziren. Halaber, hurrengo egunetan, hainbat etxe miatu zituzten Marokoko segurtasun indarrek eta pertsona gehiago atxilotu zituzten.
Arabako SEADen Lagunen Elkarteak errepresioa gelditzeko exijitu du, eta Espainiako Gobernuaren inplikazioa eskatu du.